Teknologia albisteak

Multimedia Komunikazioa UPV/EHU-EITB Masterra

Erabiltzailearen aurpegia
Agurtzane Elordui (MKM masterraren arduraduna)
2010-06-11 : 09:06

Multimedia komunikazioan trebakuntza berezitua lortu nahi duten lizentziatu berriei zuzendua dago Master ofizial hau, baita multimediak dakartzan joera komunikatibo berrietarako prestatzeko gogoa daukaten profesionalei ere. 2010-11 ikasturterako aurre-matrikula zabalik uztailaren 2ra arte.

Eraginkortasuna, sormena eta kalitatea dira multimedia komunikazioan diharduten profesionalen erronka nagusienak, eta haien eguneroko zeregina euskarri desberdinetarako produkturik egokienak diseinatzea eta ekoiztea.

Multimedian trebakuntza berezitu hori lortu nahi duten graduatu edo lizentziatu berriei zuzendua dago Master ofizial hau. Baita, komunikabideetan lanean ibili eta birziklatzeko eta etengabe prestatzeko gogoa daukaten profesionalei ere.

UPV/EHUk eta EITBk bat egin dute egitasmo honetan etenik gabeko prestakuntza helburutzat hartuta. Unibertsitateko eta EITBko adituek ez ezik, multimedian ari diren beste hedabidetako profesionalek ere parte hartzen dute irakaskuntza-jardueretan.

Masterrak hiru lan ildo nagusi ditu:

  • Komunikatzeko gaitasuna garatzea, unibertso multimediaren komunikazio-egoera bakoitzean egokienak diren baliabideak aintzat hartuz;
  • Multimedia produktuen diseinuan eta ekoizpenean trebatzea, bereziki euskarri berrietan eta kazetaritza eredu emergenteak erakusten dituztenetan;
  • Masa-hedabideen merkatuan zein aldebikotasuna daukaten beste komunikabideen erabilpenak eta kontsumoak aztertzea, produktuen eraginkortasuna eta erakargarritasuna bermatzeko asmoz.

UPV/EHUko Komunikazio alorreko unibertsitateko irakasle eta ikerlariek multimediaren alorretan dauden azken berrikuntzen berri emango diete ikasleei master honetan. EITBko zein multimedian ari diren beste enpresa batzuetako (Berria, Elhuyar Fundazioa, Codesyntax, 90grados, …) profesionalek, bestalde, trebakuntza praktikoan lagunduko diete, bai gelako jardueretan eta bai enpresetan egingo duten praktika-aldian ere.

Praktikak

Masterreko ikasleek masterraren 15 kreditu (375 ordu) praktika-programan egiten dituzte.

Praktikak ordainduak izaten dira, eta multimedia euskarriak lantzen dituzten enpresetan egiten dira: EITBn, Berrian, Argian, Elhuyar Fundazioan eta EHUko Komunikazio Bulegoan, besteak beste.

Enpresek haien baliabideak eta instalazioak jartzen dituzte ikasleen esku. Gainera, enpresa horietan guztietan esperientzia handiko profesional taldeek tutorizatzen dituzte masterreko ikasleen praktika-jarduerak, eta laguntzen diete ikasleei egin behar dituzten multimedia-produktuen diseinu eta ekoizpenetan.

Izen-ematea

2010-11 ikasturterako aurre-matrikula zabalik! Maiatzaren 24tik uztailaren 2ra!

Sarbiderako betekizunak:

• Komunikazio-ikasketak eginik izatea:
o Kazetaritzan lizentziaduna
o Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna
o Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziaduna

Komunikazio-ikasketak egin ez dituzten ikasleentzat plazen laurdena erreserbatuko da.

Ikasleen onarpenerako honako hauek izango dira kontuan:

  • Komunikabideetako testuak egiteko gaitasuna
  • Komunikabideetan egindako lanen dossierra Kasu guztietan sarbidea lortzeko ezinbesteko baldintza izango da lizentziatura euskaraz egin izana edo EGA edo baliokidea izatea.

Eskaerak aurkezteko: http://www.ehu.es/p200-home/eu

Dokumentuak:

A. Ikasle guztiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute

• NAN edo pasaportearen fotokopia.
• Tituluaren fotokopia.
• Egiaztagiri akademikoaren fotokopia, karrerako irakasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak zehaztuta.
• Lanen dossierra (egindako lanak edo argitalpenak)
• Beste meritu batzuk.

B. Homologatu gabeko atzerriko titulazio bat duten ikasleek, aurretik aipatutakoaz gain, honako dokumentu hau aurkeztu beharko dute:

• Tituluaren eta egiaztagiri akademikoaren zinpeko itzulpena, EAEko hizkuntza ofizialetako batean.

Informazioa eta dokumentuak aurkezteko lekua:

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko idazkaritzan / Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa (Bizkaia)

Telefonoak: 94 601 22 91 (Deikunde Intxaurraga) 94 601 27 31 (Agurtzane Elordui), 94 601 30 06 (Carmen Pontes)

Posta elektronikoa: multimediakomunikazioa.masterra.idazkaria a bildua ehu.es

Webgunea: www.multimediakomunikazioa.info

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago