Beloaren ondoren: ez dago debekatu beharreko beste jantzirik?
2010-06-08 09:06
Espainiako lurraldean azken konstituzioa indarrean dagoenetik, sekula ez zaio inolako arroparik debekatu herritarrari. Orain erakundeak beloa galarazi nahian dabiltza. Duintasun pertsonala, askatasuna eta erlijio-askatasuna babesten ditu Konstituzioak. Horien izenean debekatuko omen dute beloa. Pertsonaren duintasuna jantziaren araberakoa izango balitz bezala. Duintasuna alde batera utzita, osasuna ere izan daiteke arropen erabilera arautzeko irizpide bat. Hona hemen ideia batzuk herritarrotaz horren beste kezkatzen den Estatuarentzat, osasun publikoaren izenean, kontutan har dezan zenbait jantzi debekatzeko aukera:
- Zortzi zentimetrotik gorako takoiak. Azken bi urteotan modan ipini direnetik, neska gazte asko bizkarreko lesioekin edo elbarri geratzeko zorian daude. Gainera beren mugikortasuna murrizten da, eta mugatuta geratzen dira kirol oinetakoak erabiltzen dituzten mutilen aurrean.
- Ume jaioberrien angorazko eta zintadun jertsetxoak, zorionez gero eta gutxiago ikusten diren arren. Angoraren ilea irenstearekin eta sorbaldan zintak eramatearekin, umetxoak itotzeko arrisku larrian jartzen dira.
- Ume jaioberrien praka bakeroak. Pertsona heldu osasuntsu bat sekula ez litzateke oheratuko praka bakeroak jantzita. Ostera, kuman doazen umetxoei oihal bakerodun galtza gogorrak ipintzen zaizkie, xalauak daudelako. Norberarentzako nahi ez, eta zelan izango da ona jaioberriaren osasunerako.
- Gizonen tirantedun kamisetak pintxo- tabernetan. Plasta! botatzen dute ukondoa barra gainean, eta besazpiko ile guztietako izerdia eta kiratsa pintxoetara doa. Okerrago oraindik kamisetarik barik. Horrela datoz gero salmonelosis eta enparauak.
- Belaunetik beherako gomadun galtzerdiak. Gomak sakatu egiten du, eta marka utzi. Egun osoa galtzerdi horiek jantzita benetako tortura da bernetarako.
- Bizkarrean botoiak dituzten soineko edo alkandorak bakarrik bizi zaren emakumea bazara. Ez dago botoi horiek norbere bizkarrean arazo barik lotuko dituen amaren alabarik, beti bikotekidearen laguntza behar duzu horretarako. Ezagutzen dut lan horretan sorbaldan tirakada jasan eta egun batzutan minak egon denik.
- Crop kamisetak tenperatura 10ºtik beherakoa bada. Zenbat neskatilak ez ote du katarro galanta harrapatu kamiseta hauek eramateagatik!
- %100 likrazko slip estuak. Barrabilak berotu eta espermatozoideak akabatzen ditu, gizonak antzutuz.
- Tangak almorranak badituzu. Gizon zein emakumeentzako, tanga erabiltzeko moda berri honek ikaragarriko tortura eragiten die ipurtzulo aldeko almorranei.
- Aizpea Goenagaren orrazkera, lehen Susan Sontag, Arantza Urretabizkaia eta Cruela Devillek erabilitakoa. Ez da jantzia, baina soinean eramaten da. Ikusi eta bi urtetik beherako ume guztiak negarrari ekiten diote, beldurraren beldurrez. Krudela da umetxoak horrela sufriaraztea.
Erantzunak kargatzen...