Irakasleak eta oporrak
Azken asteotan asko hitz egin da funtzionarien soldatei buruz. Zapaterok hartutako erabakiaren ondorioz, estatuko funtzionari guztiei soldatak murriztu dizkiete. Erabaki honek bidea zabaldu du askok eta askok gaiari heldu eta bakoitzak bere iritzia emateko. Iritzi asko irakurri izan ditut egunkarietan, eta asko entzun irratian. Atentzio handiz jarraitu izan dut gaia, baina inon ez dut ezer irakurri eskutitz honetan azalera ekarri nahi dudan gaiaz.
Bi urte izango dira lagun arteko bazkari batean nire laguna den Maiterekin eztabaidatxo bat izan nuela. Ez zen eztabaida larria izan, lagunak ginen eta lagunak gara gaur egun, baina iritzi kontrajarria genuen irakasleek nire ustez dituzten pribilegioei buruz. Maite irakaslea da eta institutoetan klaseak ematen ditu. Bera ez da funtzionari finkoa, ez du plaza finkorik, orain arte oposaketak ez ditu gainditu eta urtero irailean zozketa moduko batean lortzen du urtean zehar izango duen lanpostua.
Lehen pribilegio hitza erabili dut eta ez da kasualitatea izan. Pribilegio hitza erabili dudanean ez dut irakasleen soldatagatik esan, eta Maitek esan zidanez hilean 2.000 eurotik gora kobratzen dute, ez da izan ere astean zehar sartzen duten orduengatik (30 ordu), ez eta ere gabonetan edo aste santuetan izaten dituzten opor luzeengatik.
Maiteri pribilegiatua zela esaten nion irakasleek udan bi hilabeteko oporrak dituztelako: uztaila eta abuztua. Ikasleek ekainean oporrak hartu arren nik uste dut irakasleek abuzturarte ez dituztela oporrik hartu behar, uztailean hainbat ekintza egin ditzaketela beraien formazioa hobetu, hurrengo urtean egin beharko duten lana hobeto antolatu, egon diren berrikuntzak aplikatu, eta abar. Seguru urtean zehar ez dutela aukera handirik izaten beraien formazioa hobetzeko, aprobetxatu dezatela orduan uztaila hobekuntza horiek aurrera eramateko.
Seme alabak dituzten gurasoei askoan entzun izan diet honelakoak: "Irakasle honek guri orain dela 40 urte irakasten ziguten moduan irakasten du", edo "gure eskolako irakasleek ez dakite ordenagailua erabiltzen". Edozein behargin moduan, irakasleek ere birziklatu beharrik ez ote dute ?
Guzti hau zen Maiteri esaten niona, hauek ziren nik erabiltzen nituen arrazoiak, eta eztabaidaren une batean Maitek hau esan zidan: "Ez nago zurekin ados, baina egongo banintz ere ezinezkoa litzateke, hezkuntza sailak ekaina bukaeran eskutitz bat bidaltzen digu gure lana bukatu dela esanez".
Ez dakit nola adierazi une horretan geratu zitzaidan aurpegia, ezin nuen sinetsi esandakoa. Dirudienez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskutitz bat bidaltzen die irakasle guztiei zera esanez: "Lagunok, ekaina bukatzen da eta har itzazue zuen bi hilabeteko oporrak, biak ordainduta."
Nire lan bizitzan enpresa askotan aritu izan naiz, eta bai ni baita nire ingurukoek ere kontratu mota asko izan ditugu, baina inoiz ez dut ikusi bere langileei bi hilabeteko oporrak ordaintzen dizkien ugazabarik.
Hau irakurri eta norbaitek pentsa dezake irakasleei beraien eskubideak murriztu nahian nabilela, eta ez da hori. Nik ez dut kritikatuko beraien soldatak, ez eta astean 30 orduko jornada izatea, baina zergatik izan behar dituzte bi hilabeteko oporrak biztanle guztiok ordaintzen ditugun zergen kontura ?
Gaur egun esaten da enpresa guztiek hobetu behar dutela bere produktuen kalitatea. Ez al du hezkuntzak bere kalitatea hobetu behar ? Ez al dute beraien jarduna hobetu behar irakasleek? Erabili dezatela ba uztaila horretarako eta kobratu dezatela ondo irabazitako soldata, baina lana eginez besteok egiten dugun moduan.
Bukatu aurretik argi utzi nahi nuke egoera honen arduraduna : Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, bera da langileen ugazaba, bera da gure zergak erabiltzen dituena soldatak ordaintzeko, eta bera da ekainean denei eskutitz bat bidaltzen diena oporrak hartzeko aginduarekin.
Ekainean gaude, eta berehala jasoko dute aurtengo eskutitza irakasle guztiek. Zenbat izango ote dira ? Guk ordaindutako zergekin milaka pertsonen hilabete oso bat ordaintzera doaz oporretara bidaltzeko.
Egoera LOTSAGABEA beti, are gehiago krisi garaian.
Maitek digitalean bidali zidan hezkuntza sailetik jaso zuen eskutitza, eta honekin batera Sustatukoei bidaltzen dizuet zuek publikatzeko.
Erantzunak kargatzen...