Teknologia albisteak

Industria kulturalaren ustezko galeren iruzurra eta lerdokeria

Erabiltzailearen aurpegia
Enrique Dans
2010-06-04 : 11:06

Neoluditen Koalizioak enkargatutako "ikerketa" berri eta haluzinogeno batek neurtu egin ditu "legez kanpo" egindako "deskargei" esker "pirateriak" eragin dituen "galerak", eta 10.000 milioi eurokoak omen dira. Komatxoen gehiegizko ugaritasuna ez da neurea, baizik eta honetaz informatu duten "kazetariei" zor diegu. Hauek, harritzekoa da gero, aurpegian lotsa izpirik erakutsi gabe kontatzen dituzte era honetako lerdokeriak.

Izan ere, albistea, ileetatik tira egiteko modukoa da: lehenbizi, adi nork eskatu duen txosten "zorrotz" hori. Bigarrena, adierazpen nork egin dituen ikusita, (Aldo Olcese) "Erreinuko conseguidor nagusia" bera baita, Koalizio horren bozeramailea: direktiboak lotsatuta dimititzen dioten horixe bera. Eta, hirugarrenik, gezur erraldoi horrengatik, ezin baita esan "desagertu" egin direla "hamar mila milioi euro": ea ba, esan dezala norbaitek... non daude diruok? "Nor" edo "Nortzuen" "poltsikoetan"? Nork "eraman" ditu? Atxilo har dezatela berehala "hamar mila milioi euro" horien parterik patrikan daraman edonor, mesedez! Ni neu prest nago lapurra "atxilotzeko" eta "kartzelaratzeko", "ikerketak" erakusten duen "zorroztasun" berberarekin! Bide batez, hainbeste diru irabazten bada "negozio" horretan, zergatik ez dituzte beren "galera" izugarriak estaltzen jarduera berri horretara dedikatuta? Ez ote litzateke hobe disko-etxeak berrasmatzea eta banaketa digitalera dedikatzea? A, ez, hori ez, "berrasmatzea" ez dago haien hiztegian; horretarako lan egin behar da, eta hori hain da gauza arrunta, horretan izerditzea...

Ikus dezagun: Nahi duzue esatea non dauden "hamar mila milioi euro" horiek? Hara, EZ DIRA ESISTITZEN. Ez dira inoiz ere esistitu. "Ustezkoak" dira, "omen" dira... Industriak ingresatuko "zitzakeen" baldin eta (horrela, ahalezko baldintza batekin), kasu hipotetikoan, azken 15 urteetan aldaketa teknologi handi bat bizi izan ez bagenu. Galera horien parekideak lirateke, ile-apaindegien alorrean sozietateen zergan eta BEZ ordainketan sortzen diren galerak, jendeak etxean erabakitzen baitu ilea moztea, ileapaintzailearengana joan beharrean. Alajainkoa, halakorik!! "Pirata" kapilar halakoak! Non daude ile-apaintzaileak beren diruak eskatzen? Edo, irabazi gabe utzi diren diru kantitate ikaragarri horiek, zergatik eta zeuk, kalean jatetxe batean zergak ordainduz jatea erabaki beharrean, otorduak etxean egitea erabakitzen duzulako? Oi, sukaldaritzako "pirata" maltzur horiek!

Edo aipa dezagun beste astakeria hori, ganadu tratugileek pairatzen dutena, zeuk autoa erostea erabakitzen duzunean, batetik bestera joateko zaldirik ez erosteagatik egiten diezun kaltea... Garraioaren "pirata" alaenak! Ez ba, "galera" horiek guztiak, "pirata" horiek guztiak, "ilegaltasun" horiek besterik gabe EZ DIRA ESISTITZEN. Monopolyko dirua ari gara zenbatzen, lortu gabeko irabazien neurrigabeko zenbaketekin (lucro cesante > lortu gabeko irabaziak, dio Euskalbarrek). Konparaketa gezurtia da esatea "deskarga bat salmenta galdua da". Olcese honi entzun diogi "ustezko galerak" krisi ekonomikoarekin eta funtzionarioen soldata murrizketekin lotzen (balorea behar da gero, eta ez gutxi, hori esateko); bada, bide horretatik, 10 minutuan konponduko dugu herrialde honetako defizita: nahikoa da asmatzea "ustezko irabazien" kapirtulu bat, eta aitaren batean zuloa estalita. Ez dakit Europak zer iritziko liokeen horri...

"Ustezko lortu gabeko irabaziak" zenbatzea, eta hortik ondorioztatzea gero "ustezko zergak" eta "ustezko galera" ikaragarriak Estatuarentzat; tira, hori, besterik gabe, LERDOKERIA da. "Edukien industriaren" neurrira egindako beste ikerketa bat. Lerdokeria bat, lerdo batek bakarrik eraman dezakeen hedabideetara. "Odoluste ekonomikoa" aipatzen digute era patetiko eta absurdoan, "sangría", baina hemen dagoen sangria bakarra benetakoa da, ez "ustezkoa", kolkotik irentsi dutena Koalizio delakoan "zifra" hauekin hedabideen aurrera agertzeko, gutxieneko "seriotasun" apur bat erakutsi nahirik (hau da hau, komatxo festa! :-)

Egunkarietan borborka darabiltzate komatxo tipografikoak, ausardia behar baita halako "albiste" bat emateko, hitz mordoa komatxo artean jarri barik. Aipatzen dizkigute "galerak", "deskargak", "pirateria" eta baita "ilegaltasunak" ere, baina ez dago Espainiako lurralde osoan epaile bakar bat ere kasu hauetan "ilegaltasuna" gertatu denik adierazi duenik. Legez kanpo beste zerbait egon beharko litzateke hemen: hedabideen aurrean jarri lerdokeriak eta gezurrak esateko, toxikatzeko datu faltsuekin, eta "presionatzeko" (komatxoekin) eta politikoekin batera prebarikatzeko (komatxo barik), bazka eskura izaten jarraitzeko gezurren bitartez. Komatxoak, izatez, geure garaipena dira: gizartearen garaipena, ez baititu honelako lerdokeria eta gezurrak sinesten, eta barre egiten dielako tontakeria hauek botatzen dituzten hedabideei. Tontakeriak, "komatxo artekoak" noski, badaezpada ere. Hemendik aurrera, mesedez, pertsonaia ilun hauek "komunikatu" nahi duten zaborra, jar ezazue "komatxo artean".

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Enrique Dans

Erantzun

Sartu