Teknologia albisteak
1

e-Literaturaren bila

Erabiltzailearen aurpegia
Literaturia
2010-05-28 : 17:05

Atzo Literaturiak Zarautzen antolatzen zuen bigarren eta azken jardunaldia egin zen Antoniano aretoan. “Euskal Literatura 2.0aren erronkak” gaiari helduta han izan ziren Hasier Etxeberria (Idazlea besteak beste), Mikel Elorza (Abokatua eta editorea) eta Imanol Epelde (filologoa eta blogaria).

Idazletxo den aldetik hasi zen hitz egiten Hasier. Iturrino Handia bere eleberria Alua.mundua.com blogean idatzi zuela-eta, nahiz eta, hasieran pentsatu mundura begira idatzi zuela liburua, azkenean ez zuela inork jarraitu idazketa prozesua. Etxeberriak esan zuenez, eleberrigintzari eta literaturari oro har (batik bat euskarazkoari) kalte egin dio 2.0ak. Ondoren ekonomiaz hitz egin zigun. Gaztaren eta PDF-aren eredu kontrajarriez. “Gazta bat hartu dezaket eta zuek guztion artean banatu, zatitxo bat bakoitzarentzat. Horrela bukatu egingo da gazta. Baina PDFaz edo MP3az hitz egiten dugunean, nik deskargatu eta banatzean biderkatu egingo da.” Gaztaren ereduarekin jarraitu nahia nabari dela esan zuen, PDFa gaztaren eredura moldatu nahia. “Baina horrela ezin da.”

Imanol Epeldek sorkuntzaren arloari heldu zion batik bat, norentzat sortu behar dugun argi eduki behar dugula azpimarratuaz. “Gure belaunaldiei bisagra lana egitea tokatu zaigu”, argitu zigun Epeldek, “orain parkean baloiarekin, interneten, etxeko lanak egiten eta telefonoz hizketan, dena batera egiten duten gazteek zer nolako produktua kontsumituko duten ez dakigu. Nola ulertuko duten sarea.” Imanolen aburuz hor dago erronka, hori ulertzean.

Ondoren esan zuen bi literatura bereizten dituela; batetik literatura (paperezkoa) eta bestetik e-literatura (blog munduan sarean ekoitzitakoa.) Esan zuen, agian etorkizunean, usaindu, dastatu, aditu eta ikusi daitezkeen eleberriak sortuko ditugula. “Agian etorkizunean bideo joko poetiko literarioak egingo dira, nork daki…”

Mikel Elorzak adierazi zuen funtsean, funts-funtsean, bat egiten zuela aurreko biek esandakoarekin. Azpimarratu zuen, berak “pirata” bezala (Hasierrek umorez hala deitu zien Susakoei), Internet edukiak sozializatzeko (denen eskura jartzeko) tresna bezala ikusten zuela. Adibide bezala jarri zuen Bizkaiko Diputazioko liburutegi berritua. Nola hara zerbaiten bila joan eta hamaika zailtasun jartzen dituzten ezer lortzeko. “Gordailu dira liburutegi horiek. Internetek, gordailu izateaz gain, eskaparate bezala funtziona dezake; hala nola, eleberriak, hauen kritikak eta beste hainbat gauza gehiago klik batez denen eskura jarriaz.” Epelderi erantzunaz, esan zuen, berak ez zuela bereizten e-literatura eta literatura. Duela ez asko hainbat emakume espainiarrek idatzitako poesia liburu bat erosi zuela. “Interneten idatzitako olerkiak ziren guztiak, baina liburuaren azalean jarri ez balu, ez zen inor konturatuko.”, argitu zuen Elorzak.

Publikotik aportazio bat edo beste izan zen, tartean, Andu Lertxundirena. Anduk bere esperientzia kontatu nahi izan zuen, bere esperientzia sorkuntza ardatz hartuta. Esan zuenez, berak ez du idazten duela hamar urte bezala; teknologia berriek, ordenagailuak eta internetek, zeharo aldatu diote idazteko eta pentsatzeko era. “Nik garai batean, lehenengo pentsatu egiten nuen zer nolako testua idatzi behar nuen, zer egitura eta abarrekin. Eta gero idazten saiatzen nintzen. Gaizki ateraz gero papera zakarrontzira. Orain aldiz zuzenean ordenagailu aurrean jartzen naiz eta bertan hasten naiz zuzenean idazten.”

Erantzunak

Oto Lete
2010-05-29 : 19:09

Erantzun

Sartu