Bukatu da Lost telesaila (SPOILER! SPOILER!)
Eta guztiak hilda zeuden. Sei denboraldiren ostean, gidoilariek era errazenean itxi nahi izan dituzte zabaldutako galdera denak: guztiak hilda zeuden. Besterik ez. Ehun eta piku kapitulu guztia hildako baten ametsa zela esateko. Bukaera errazenaren alde egin dutela dirudi, galdera guztiak ezin zituztelako erantzun edota ateak irekita uzteko bide berriei, auskalo. Nik neuk nahiago nukeen bukaera zehatzago bat. Bidea politagoa izan da helmuga baino.
Lost sailaren inguruan
Lagun baten gomendioari esker hasi nintzen orain urte batzuk Lost telesaila ikusten. Ordurako bazeramatzan pare bat denboraldi telebistan, baina ez zitzaidan parean tokatu, eta parean ez dagoena ezin ikusi. Lehen kapituluak jaitsi internetetik, gustura ikusi, eta gehiagoren bila jo nuen.
Istorioa arraroa baina erakargarria da, laburtu edo azaltzeko zaila. Ondorengo bideo honetan lehen 3 denboraldiak lau minutuan pilatzeko saiakera egin zuten:
Kontsumitzaile aktiboak
Hari korapilatsu honetan aurrera egiteko nahiak ikusle pasibo izatetik kontsumitzaile aktibo bilakatzera eraman ditu Lost-eko jarraitzaileak. AEBn emititu eta berehala kapituluak sarean eskuratu ahal genituen jatorrizko bertsioan ingelesezko edota gaztelerazko azpitituluekin.
Lost ez da historiara pasako izan duen telebista-audientzia dela eta. TVEn hasi ziren botatzen, gero Cuatro kateak erosi zuen, baina hainbat aldiz aldatu dute emisio eguna eta ordua (audientzia baxuaren albisteak: bat , bi eta hiru ). Ezagutzen dudan jende gehienak internet bidez jarraitu du telesaila, horra hor telebistan izandako audientzia exkaxaren arrazoietako bat.
Kontsumitzaileok nahi dugun unean eta nahi dugun bezala ikusi nahi dugu telebista, eta aukera hori geroz eta eskurago daukagu interneti esker.
Erantzunak kargatzen...