Tabakalerako zuzendari Joxean Muñozek dimititu egin du
Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendariak, dimisioa aurkeztu du gaur, hitz hauekin:
Tabakalera proiektua, ikuspegi arkitektonikotik zein kontzeptualetik birplanteatu eta birdimentsionatzeko prozesua abian jartzeko Administrazio Kontseiluak hartu duen erabakiaren aurrean, urte hauetan zehar defenditu dudan proiektuarekiko koherentziagatik eta garatu ditugun kontzeptu eta ideiekiko eta proiektuan inplikatu ditugun pertsona eta erakundeekiko konpromisoagatik, Tabakalerako zuzendari nagusi gisa nire dimisioa aurkezteko erabakia hartu dut.
Azken egunetan, zurrunbilo batean egon da Tabakaleraren etorkizuna. Donostiako Udalak, krisiaren aurrean, proiektuak eskatutako inbertsioak zalantzan jarri zituen, eta horren haritik ematen zuen beste erakundeek ere atzera egin zezaketela.
Tabakalera, izatez, ofizialki itxi behar zen aste honetan erreforma lanak abiatzeko, baina itxiera jaia kantzelatu eta proiektuko zuzendariak, Joxean Muñozek, komunikatua kaleratu zuen herenegun.
Hiru erakundeen akordioa:
Tabakalerako finantziazioa eta ardura duten erakundeek (Foru Aldundia, Udala eta Jaurlaritza) atzo egin zuten bilera eraikinean bertan. Hiru erakundeen izenean Markel Olano diputatu nagusiak hartu zuen hitza agerraldi batean, Administrazio Kontseiluko presidente gisa, bileran lortutako akordioak jakinarazteko. Ondoan zituen Donostiako alkatea, Odon Elorza, eta Kultura sailburua, Blanca Urgell. Olanok esan zuen lehenik, hiru erakundeen izenean, Tabakalerak herri proiektua izaten jarraitzen duela: bizirik dagoena, eta elkarrekin aurrera daramaguna.
Bizi dugun krisi ekonomikoaren ondorioz proiektua birdimentsionatzeko erabakia hartu dutela ere jakinarazi zuen, bai alderdi arkitektonikoari dagokionez eta baita funtzionamenduari dagokionez ere. Urte amaierara arteko epea ezarri dute birdimentsionatzearen norainokoa zehazteko.
Erakundeetako ordezkariek aurreratu dute, halaber, proiektuaren lehen fase bat martxan jarriko dela Artelekuko instalakuntzetan. Zentzu honetan, adierazi dute Tabakaleraren bihotza, ikus-entzunezko edukiak sortzeko gune gisa, definitua dagoela eta badagoela jada ibilbide orri bat, gaurtik aurrera proiektuaren lehen fase bat martxan jartzeko aukera ematen duena, eta Arteleku gune egokia izan dela horretarako.
Agerraldi honetako oharra hemen.
Erantzunak kargatzen...