Teknologia albisteak

Western filmeak eta naturaren arteko harremana Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-05-19 : 12:05

Ibai emaritsuak, baso sakonak, mendi garaiak, haran ilunak, larre luze-zabalak… AEBetako western filmeetako geografia ikusgarria. Esploratu eta konkistatu egin nahi izan zuten lurralde berri batekin egin zuten topo aitzindariek. Abereak edukitzeko larreak hartu zituzten, lurra erein zuten, uzta bildu, baita hiriak eraiki eta trenbideak hedatu… lur horretako berezko biztanleak sarraskituz: indio amerikarrak.

Jeremiah Johnson-eko eszena bat.

Western filmeetan ageri den gizakiaren eta naturaren arteko harreman hori islatzea interesgarri iruditzen zaigu. Horregatik, garai eta estilo ezberdinetako lau filme aukeratu ditugu, Legerik gabeko larreak: western-ak eta natura. Helburua film genera honen eta ingurumenaren artean dagoen harremanean sakontzea da eta pelikula bakoitza ikusi ostean, solasaldia izango da, nork bere ekarpenak egin ditzan. Emanaldi guztiak doanekoak izango dira eta Cristina Enean bertan, aurrenekoa salbu. Lehena Donostiako Antzoki Zaharrean izango da, 3,70 euroren truke (nahi duena ordea, Cristina Enea Fundaizora etor daiteke, hainbat gonbidapen bikoitz baititugu).

Egitaraua honakoa da:

Maiatzak 19, asteazkena. Antzoki Zaharrean. 20:00etan.

"Bend of the river" (Anthony Mann, 1.952) *Ia denetarik duen western filma: ibaiak, mendiak, urrearen sukarra, aitzindariak… baita gizon bakarti bat ere, hastapen berri batera, komunitate berri batean murgiltzera eramango duen bidaia fisiko eta ibilbide moral batean.*

Maiatzak 26, asteazkena. Cristina Enea Fundazioan. 19:00etan.

"Jeremiah Johnson" (Sydney Pollack, 1.972) Isiltasunez eta irudi ederrez beteriko poema ederra. Gizon batek uko egiten dio gizarte organizatuan bizitzeari eta Mendi Harritsuetara iristen da, bertan natura birjinarekin batera, bere erara egokitutako bizimodua izateko.

Ekainak 2, asteazkena. Cristina Enea Fundazioan. 19:00etan

"Man Without a Star" (King Vidor, 1.955) Arantzadun alanbrearen filmea. Baita sistema kapitalistari buruzko iruzkin aparta ere: izarrik gabeko cowboy batek nahi duenaren eta zuzena denaren arteko hautua egin beharko du, abereen larreetako itsasoetatik barrena zamalkatzen den bitartean.

Ekainak 9, asteazkena. Cristina Enea Fundazioan. 19:00etan

"The Last Hunt" (Richard Brooks, 1.956) Indioen aldeko pelikula ilun honetan, indioarentzat bisontea balio handiko animalia da. Bisonteen sarraskiak berekin beste bat dakar: indioena eurena.

Erantzun

Sartu