HABEko zuzendaria: That's all, folks

Gizonek erabiltzen dute gorbata bere buruak inportanteago emateko. Nahita edo gizarte ohiturek behartuta, gustatu ala ez, ezin uka gizon batek traje eta gorbata janzten dituenean, serioago, boteretsuago, aberatsago edo dotoreago dirudiela. Baina ia gizon bezain beste modu daude gorbata eramateko, azkenean bakoitzak bere ikutu pertsonala ematen dio, eta ondorioz gorbatak auskalo zeren erakusgarri izaten bukatzen duen.
Badaude gorbata uniforme huts moduan eramaten dutenak. Lanak edo egoerak behartutako zerbait da, eta ondorioz gorbata diskretuak, marrazki barikoak edo marrazki txikidunak aukeratzen dituzte. Koloreak, modak eta korapiloak bost eurei. Horrelako asko daude, adibidez, saltzaileen artean.
Gero badira bere burua hain inportantetzat izanik, irudia traje-gorbataz baino ikusten ez dutenak. Saiatzen dira gorbatak nolabaiteko dotorezia izaten, baina ezin asma: kolore argiak eta modakoak aukeratu arren, Windsor korapiloa sekula ez dago bere tokian, beti alkandoraren lepotik bi zentimetro behera.
Edo gorbata beti-beti okertuta daramatenak, erreparatu Patxi Lópezenari.

Edo V moduko eskotedun jertsearen azpian daramatenak funtzionario zaharrek bezala. Edo okerrago, U moduko eskotedun jertsearen azpian daramatenak, garai batean Arrasateko Caja Laboralekoak La Bilbainara bazkaltzera joaten zirenean bezala.

Edo setazko gorbata zoragarriak jakaren poltsikoan daramaten zapiarekin bat datorrela janzten duten gizonak, bakarrik Bilbon eramaten daiteken estiloarekin.
Eta gero, hesi guztiak puskatuz, gorbatari per se daukan garrantzia kendu nahi diotenak: HABEko zuzendaria Lukas / Duffy ahatearen gorbata batekin. Seriotasuna eman nahi diot eta aldi berean seriotasuna kendu nahi diot, dirudi dabilela pentsatzen.

Gora transgresioa! Gora Lukas ahatea! Gora marrazki bizidunen maitaleak! Eta gora barrea eragin nahi duten euskara irakasteko erakundeburuak, eurek lortuko dutelako klaseak pipergileentzako erakargarri egitea.
Korbata hori Eugenio Mujika HABEko zuzendariarena da, eta Meskalekoak blogekoak deskubritu zuten, Beterriko Liburua sariaren emanaldian, Irati Jimenezi eman ziotenenan saria.
Erantzunak kargatzen...