Gaur hasi eta ostegunera bitarte III. literatura astea izango dugu Azken Portun (Zarautz). Egun bakoitzean adierazpen iturri bana izango da hizpide: musika, bertsolaritza, literatura eta antzerkia. Hasteko, gaur, Anari kantaria 20.00etan.
Hauxe da gaurtik hasi eta osteguna bitarte Azken Portuko jai batzordeak, komisiyuak, antolatu duen egitaraua
Gaur, maiatzak 10, Anari kantaria izango da bere kantuen gainean eta azpian dagoena azalduz. Kantuak sortzeko prozesua azaldu eta jo ere egingo ditu.
Anari (Azkoitia, 1970) musikaria da. Bere azken lanak Irla izan (Bide huts, 2009) titulua du.
Asteartean, maiatzak 11, Maialen Lujanbiok bertsoaren lantegia erakutsiko du, eta bertsolariak bertso bat egiteko izaten dituen erreferentzia eta baliabideez arituko da.
Maialen Lujanbio (Hernani, 1976) Euskal Herriko bertsolari txapelduna da.
Hirugarren egunean, asteazkenean, Anjel Lertxundik, hitzetik irudietarako jauzia eginez, zinemarekin izan duen esperientzia kontatuko du. Nola da liburu bat zinemara moldatzea? Edo, ze desberdintasun dago libururako idaztetik zinemarako idaztera?
Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazlea da eta bere azken liburuak Eskarmentuaren paperak (Alberdania, 2009) izena du.
Eta ostegunean, amaitzeko, Ander Lipusek pertsonaiatik pertsonaiarako igarobideaz hitz egingo du. Pertsona pertsonaia bihurtzen da antzezlan batean, baina beretik asko ematen dio. Non dago pertsonaren eta pertsonaiaren arteko aldea? Nola nahasten dira biak?
Ander Lipus (Markina, 1971) antzezlea da. Antzerkiola Imaginarioko kide da.
Hitzaldi guztiak arratsaldeko 20:00etan izango dira, Azken Portuko Kristau biltoki zaharrean.
Erantzun
Sartu