Sustatu logoa Teknologia albisteak

Astelehenenan hasiko da Ar Redadeg, Bretainiako Korrika

AEKren prentsa bulegoa
2010-05-07 14:05

Euskararen alde AEK-k antolatzen duen Korrika pixkanaka mundu zabalera hedatzen ari da, eta hainbat hizkuntza gutxituk hartu dute adibidetzat. Aurten egin dute lehen aldiz gaelikoaren aldeko Korrika, Rith 2010 eta Bretainian Ar Redadeg bretoieraren aldeko lasterketaren bigarren edizioa hasiko da astelehenean.

Bretainiarrek 2008an antolatu zuten euren lehen Korrika, Ar Redadeg (lasterketa bretoieraz), eta aurten bigarrena burutuko dute, maiatzaren 10etik 15era. Roazhonen (Rennes – Ille-et-Vilaine) hasi eta Pondin (Pontivy-Morbihan) amaituko da, eta 1.200 kilometroko luzera izango du. Aurtengoan, Diwan bretoi eskolen eta bretoierako egitasmoen alde 100.000 euro biltzea izango du xede Ar Redadeg-ek.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere AEKren ordezkaritza bat joango da Bertainiara parte hartzera. AEK-k 1098. kilometroan parte hartuko du, maiatzaren 15ean. Osatzen ari den delegazioan Maider Heguy (Iparraldeko AEK-ko presidentea) eta Jakes Bortairu (Iparraldeko arduraduna) izanen dira, besteak beste.

Bretoiera garatzeko dirua biltzea eta bretoieraren alde jendea mobilizatzea du helburu lasterketak. Lasterketak ume zein helduentzako bretoierazko eskolak dituzten udalerriak zeharkatzen ditu, eta Korrikan egiten den bezala, lekuko bat pasatzen diote korrikalariek elkarri eskutik eskura eta kilometroz kilometro, hizkuntzaren transmisioa irudikatzeko. Lekukoak, gainera, azken egunean ezagutaraziko den mezu bat darama barnean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu