Teknologia albisteak

Errespetuan eta diferentzian hezi

Erabiltzailearen aurpegia
Bego Zuza
2010-05-09 : 13:05

Errespetua, aniztasuna eta kritikotasuna lantzen dituen heziketa eredua nahi dugu gure seme-alabentzat. Hernanin, edozein dela ere eskola, badakigu gai hauek garrantzi handia hartzen dutela Hezkuntza Proiektu guztietan, eta ahalegin handiak egiten direla eskoletan kontzeptu hauek barneratzeko eta praktikan jartzeko. Baina orduan, zein da helduon zeregina? Nola landu ditzakegu helduok errespetua, aniztasuna eta kritikotasuna Herri honetarako planteatzen den bateratze prozesu bat inposaketatik eta “boteretik” bideratu nahi denean? Zein izango dira konflikto baten aurrean gure gazteekin erabili beharreko argumentuak: indar gehiago daukanak irabazten duela? Agindutakoa bete egin behar dela isil-isilik, burua makurtu eta elkarrizketa baztertuta?

Errespetua zor die Hernaniko Hezkuntza komunitateak aukera guztiei. Batzuek elkarrekin proiektu berri eta ilusionante bat martxan jartzeko borondatea agertu dute, eta horretarako, behar diren baliabideak ere martxan daude: batzordeak —-gurasoenak zein irakasleenak—, aholkularitza pedagogikoa, azpiegitura, eta bidean sortuko zaizkien kezkei aurre egiteko giza talde sinesgarri bat. Beste batzuk, ordea, orain arte garatu duten ibilbidea sendotu nahi dute.

Beraz, benetan sinesten badugu diferentziak edukitzea eta izatea aberatsa dela, hezkuntzaren ikuspegitik errespetua zor diegu gainerakoei. Erabakiak hartzeko heldutasun nahikoa demostratu duen komunitate batek, prozesu luze baten ondoren, bere aukera egiten duenean errespetatu egin behar dela uste dugu.

Horrexegatik, Hezkuntza Sailaren agindu baten gainetik, Hernaniko ikastetxe bakoitzeko komunitateak egoera honetan zein erantzun eman behar duen pentsa dezake, baina ondokoa behartu gabe.

Behean sinatzen dugunok ez dugu parte hartu nahi prozesu inposatu batean eta herriko komunitate baten borondatearen kontra joatearen ardura ez dugu gure bizkar gainean eraman nahi, eta are gutxiago Udaleko, Legebiltzarreko eta herriaren parte handiaren babesa jaso dutenenean.

Hau guztiagatik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu egoera hau kontuan har dezan, elkarbizitzaren eta kohesioa ezin baitira erabili prozesu bat inposatzeko. Askatasunez egindako bideak bakarrik emango digu sinesgarritasuna eta, aldi berean, arrakastaren gakoa, ez inposizioak.

Agustin Iturriaga institutuko 20 familien izenean:

Maite Lizeaga, Gema Etxeberria eta Bego Zuza.

Erantzun

Sartu