Teknologia albisteak

Moda ekologikoaren astea Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-05-03 : 15:05

Jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren bidean beste pauso bat emango du Donostiako Cristina Enea Fundazioak maiatzaren 6tik 10era bitartean. Izan ere, MODA EKOLOGIKOAREN ETA JASANGARRIAREN I. ASTEA antolatu dugu egun horietarako. Moda hain kontzeptu iragankorra izanik, modaren eta jasangarritasunaren arteko erlazioa aztertuko dugu, hitzaldi eta desfileen bidez. Izan ere, moda, une puntual batean arrakasta duen edozein joera da, baina momentu puntual horretarako bideratzen diren indar, baliabide eta energia, erraldoiak izan ohi dira. Horrexegatik, gizartea hausnarketa bat egitera bultzatu nahi dugu.

Etikoa al da soilik denboraldi batean modan dagoen (eta sarritan soilik denboraldi bakar horretan erabiliko dugun) arropa, oinetakoak edo osagarriak erostea? Produktu horiek ekoizteko erabili diren tinta, ohial, ehun eta abarrak garesti irtengo zaizkio bai gizarteari, baita ingurumenari ere. Cristina Enea Fundaziotik modaren erabilera etikoa eta arduratsua bultzatu nahi dugu, modaren prozesu guztietan: ekoizpenean (tinta ekologikoak erabiliz), banaketan (autoen salmentaren esparruan erabiltzen den ‘zero kilometroa’ kontzeptua aldarrikatuz, jasangarriagoa baita gertu ditugun materialak erabiltzea, munduaren beste puntatik ekartzea baino), baita kontsumoan ere (jasangarriak behar dugu izan modaren kontsumoan ere, hondakin murrizketa baita jasangarritasunaren ardatzetako bat).

Egitaraua

Maiatzak 6, osteguna. 19:00 Moda Ekologikoaren I. Astea José Ángel Bergua, Zaragozako unibertsitateko irakasle eta Zientzia Politikoak eta Soziologiako doktoreak ‘Joera-ehiztariak eta gazteentzako sorkuntza estetikoa’ izeneko hitzaldiarekin hasiko da. Cristina Eneako Ingurumen baliabideen Etxean. Berguak, cool-hunter edo joera-ehiztarien berri emango digu, modak gazte-ohiturak nola bereganatzen dituen ikusteko adibide gisa. Herrikoia denak eta abangoardista denak bat egiten duten kultura-sareei buruz arituko da, baita berrerabileran eta birziklapenean oinarritzen diren etengabeko moda berrikuntzen inguruan ere.

Maiatzak 7, ostirala. 19:00 Tytii Thusberg diseinatzaile finlandiarrak udako denboraldiko bere bilduma berria eta berritzailea aurkeztuko du Cristina Enean. Thusberg-ek eskarmentu eta ibilbide luzea dauka modaren munduan, bereziki birziklaturiko elementuekin buruturiko modaren munduan. Aurtengo denboraldirako, birziklaturiko ehun eta oihalekin eginiko jantzi dotoreak aurkeztuko dizkigu, arratsaldeko 19:00etan hasiko den moda desfilean. Ekitaldia, DJ Munduren musikarekin egongo da girotua. Era berean, arratsaldeko 18:00etan, haur eta gazteentzat tailer didaktikoa irekiko da. Bertan, elementu birziklatuekin artea eta moda nola egin daiteken irakatsiko zaie umeei. Ondoren, euren sorkuntzekin, desfilean bertan parte hartzeko aukera emango zaie.

Maiatzak 8, larunbata. 19:00 Ostirala elementu birziklatuekin eginiko jantzien eguna izan bazen, larunbata elementu birziklatuekin ekoizturiko osagarrien eguna izango da. Emaus Fundazioaren eskutik, Donostiako kaleetan erabilitako elementu grafikoekin (banderola, kartel eta bestelako euskarri publizitarioak) eginiko osagarrien bilduma aurkeztuko du: poltsak, motsilak, diru-zorroak… Ekitaldia Julian Iantzi aurkezleak bideratuko du. Aurreko egunean bezala, desfilea hasi aurretik, arratsaldeko 18:00etan, haur eta gazteentzat tailer didaktikoa irekiko da. Bertan, elementu birziklatuekin artea eta moda nola egin daiteken irakatsiko zaie umeei. Ondoren, euren sorkuntzekin, desfilean bertan parte hartzeko aukera emango zaie.

Maiatzak 10, astelehena. 19:00 Moda Ekologikoaren I. Asteari agur esateko, benetan gai berritzaile eta harrigarria jarriko dugu mahai gainean: ‘Ehun nanoteknologikoak: erabilera harrigarriak modan’. Kim Gyeong-Man irakasle eta ikerlari korearrak eskainiko du hitzaldia Cristina Enea Fundazioaren egoitzan. Nanoteknologiak aplikazio ugari ditu bai osasungintzan, baita zientzia aplikatueran beste hamaika esparrutan ere, baina Gyeon-Manek modan izan ditzakeen aplikazioak azaldu eta aurkeztuko ditu. Inoiz ere bustitzen ez diren ehunak, hautsa eta zikinkeria uxatzen dituzten oihalak, tenperatura kontrolatzen duten materialak… horiek izango dira etorkizunean (hain urruti ez dagoen etorkizuean) modari aplikaturiko nanoteknologiak eskainiko dizkigun ehun eta oihal ‘miragarriak’.

Erantzun

Sartu