Teknologia albisteak

Koopetizioa, elkarlanerako eredua

Erabiltzailearen aurpegia
Inaki Irazabalbeitia, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, SL
2010-05-03 : 09:05

Hizkuntzen industriaren alorrean gauza asko mugitzen ari dira atzen bizpahiru urteotan bai teknologiaren ikuspegitik eta baita filosofiaren ikuspegitik ere. Atzen honi helduko diot.

Enpresa-munduan ingelesez coopetition) deitzen den elkarlanerako eredua hizkuntzaren industriaren alorrera ere iristen ari da. Hain zuzen ere, merkatuan lehiakide diren enpresak elkarlanean dihardute zenbait alorretan. Horren adibidea da TDA (Taus Data Association) izeneko lukuru asmorik gabeko elkarte pribatua. Horretan alorreko agente-mota desberdinak elkartu dira helburu batekin: beraien itzulpen-memoriak elkarbanatzea. Horretarako berariazko biltegi bat antolatu dute nora kideek itzulpen-memoriak igotzen dituzten. Guztiek usa ditzakete IMak beren lanetarako adostutako hainbat baldintzen arabera. Lan hori izan daiteke, esaterako, itzulpenak egitea, ikerketako proiekturen bat burutzea edo itzultzaile automatiko estatistikoak entrenatzea. Guztiek igo behar dituzte memoriak, baina norberarena emanda abantaila ugari ateratzen dituzte besteenetatik tiraka. Itzulpen-enpresek, adibidez, merkatu berritan sar daitezke IM propioak izan gabe TDAan dauden memoriak baliatuta.

Bertan, izaera anitzeko bazkideak daude: hizkuntza-zerbitzuen erabiltzaileak (Adobe edo Cisco), hizkuntza-zerbitzuen hornitzaileak (Lionbridge edo Alpha CRC), teknologia-hornitzaileak (Eleka edo SDL) eta erakundeak (Valentziako unibertsitatea edo Welsh Language Board).

Etorkizuna marrazteko hizkuntzaren industriako agenteen iritzia jakin nahi du TDAk eta asmo horrekin inkesta bat egiten dihardu. Interesa duenak esteka honetan erantzun dezake. Parte hartzera animatu nahi zaituztet.

Inbidiaz so egiten diot TDAri ohartzen naizenean Euskal Herrian horrelako zerbait antolatzeak zenbat onura ekarriko lituzkeen: onura ekonomiko soilekin hasita eta hizkuntzaren normalizazioarekin bukatuta. Zin dagizuet pozik ikusiko nukeela Euskal Herriko agente publikoak eta pribatuok antzeko ekimenen bat antolatzea lortuko bagenu. LANGUNE izan daiteke lehen hazia ereiteko foroa. Izan bedi!

Erantzun

Sartu