Sasoi arteko arropa
Gure amamak-eta, sasoi arteko arropa zeukaten (entretiempo, uler dezagun). Dendetan bazeuden horrelako janzkiak: gonak, jertseak, jakak.... Gaur egun, ordea, txamarra potolotik lihozko alkandorara igarotzen da hainbat pertsona zuzen-zuzenean. Dendan ere lepo luzetik (cuello vuelto) eskote zabal-zabeletara egiten dute salto, inongo "zubirik" barik. Jendea ez da, baina, exajeratuegia? Lehengo eguzki izpia agertu orduko, dena erantzi eta 20ºrekin tiranteetan jartzen dira.
Horregatik, oso estanpa harrigarriak ikus litezke egunotan: hondartzako txankletak, botak, mauka bako nikiak, artilezko trikotak, neguko txamarrak, udako alkandora meheak... denak momentu berean, tren geltokian begira nagoela, adibidez.

Nik neuk, behintzat, ez dut ulertzen aldaketa basati hori, asko kostatzen zaidalako sasoi aldaketetan arropaz kanbiatzea. Betik berdina suertatzen zait: armairuan begiratu eta ez dut ezer aurkitzen. Nola izan liteke, baina? Iaz ez nintzen biluzik ibili sasoi honetan, barren!..... "Ez daukat zer jantzi" sindromeak jotzen nau, tiradera eta sarrekak beteta dauzkadan arren. Beste guztiek zelan egiten dute izoztu edo egosi barik eguna amaitzeko? Ba ote dago panazko praketatik haratago beste janzkera bat? Gai izango naiz berriro ere sandaliak janzteko? Folio kolore hau galduko dut inoiz? Noiz itzuliko da atzera ere negua eta betikoetara itzuli? Galderak, galderak, galderak........ baina oraindik ez dakit zer jantzi!
Erantzunak kargatzen...