Mendi tontorretako drama ez da amaitu Annapurnan
Oh Sun Eun eta bere kide korear eta sherpak atzo Annapurnara iritsi ondoren, beste espedizio bat igo zen, mendizale hauekin: Juanto Oiartzabal arabarra, Carlos Pauner Aragoikoa, Tolo Calafat Mallorcakoa eta bi sherpa nepaldar, Sonam eta Dawa. Jaitsiera oso gogorra izan da bai hauentzat eta bai korearrentzat, eta laugarren kanpalekura (C4, 7.200 metroko altueran) gauerdia pasata iritsi dira batzuk, nekeak jota.
Tolo Calafat, ordea, mendian geratu da, 7.600 metroko posizio batean, buruko edema batek larri jota. Sonam Sherpa han geratu da Calafatekin gauez, baina goizez jaitsi egin da C4ra.
Orain, C4n dauden mendizaleen artean, gora nola ekin pentsatzen ari dira. Korearren espedizioko hiru sherpa saiatu dira dagoeneko, baina 7.300 metrora igo ondoren, jaitsi egin dira. Haizeak gogor jotzen du eta gaur ezin da helikopterorik espero. Gauzak horrela indartsuen dagoen mendizalearengan dago esperantza, eta Horia Colibasanu errumaniarra da hori; hain zuzen ere Iñaki Otxoa de Oltza hil zenean hura erreskatatzen saiatu zenetariko bat.
Oiartzabal, Pauner, Dawa eta Sonam oraingoz C4n geratuko direla ematen du, baina Oh Sun Eun-en espedizio korearra behera jaistekoa da gaur. Bidea ez dute erraza izango, diotenez c3 eta c2 kanpalekuen arteko bidea elurjausiek oztopatu dute.
Informazio gertatu ahala eguneratzen ari dira bi webgune hauetan:
- Barrabes (gaztelaniaz)
- Nick Rice Xpedition 8000 (ingelesez)
Erantzunak kargatzen...