Teknologia albisteak
2

Nabarra badoa Navarratik; Bilbotik egingo da aurrerantzean, Irati Jimenez buru duela

Erabiltzailearen aurpegia
Ion Orzaiz / Nabarra aldizkariko arduraduna
2010-04-27 : 20:04

«Nabarra» aldizkaria ez da aurrerantzean Nafarroan argitaratuko. Nabarreria Argitalpen Kudeaketak ezin dio egoera ekonomikoari eutsi, eta proiektua beste batzuen esku utziko du. Bilbotik, NBR elkarteak erronkari aurre eginen dio, eta Irati Jimenez idazle eta kazetaria izanen da aldizkariaren arduradun berria.

Gaurkoan, inoiz eman nahiko ez genukeen albistea zabaldu behar izan dugu: «Nabarra» aldizkaria badoa Nafarroatik. Bederatzi urteren eta 110 zenbakiren ostean, Nabarreria.com Argitalpen Kudeaketak ezin dio egoera ekonomikoari eutsi, eta Euskal Herriko Kultur eta Gizarte hilabetekaria argitaratzeari utziko dio maiatzetik aurrera. Berez, maiatzekoa izanen da guk argitaratuko dugun azken zenbakia.

Edozein ezbeharretan bezala, arrazoiak anitz dira, eta ez ditugu guzti-guztiak zerrendatuko, baina bai aipagarrienak. «Nabarra» aldizkaria argitaratzeari uztearen kausa nagusia ekonomikoa da. Krisialdi ekonomiko orokorrari prentsa idatziaren gainbehera erantsi behar diogu eta nafarrak eta euskaldunak garenez, baita gure agintarien egoskorkeria ere. Zentzu horretan, azkeneko sastada, ia heriotzera eraman gaituena, Nafarroako Gobernuak eman zigun iaz, euskararen sustapenerako dirulaguntzak errotik moztu zituenean. Euskara Nafarroako hedabideetan bultzatzeko, geure agintariek, euskararen alde dihardutela dioten horiek, 0 euro banatu zituzten. Horrek erabaki latz bat hartzera bultzatu gintuen: «Nabarra» argitaratzeari utzi, ala pertsiana jaitsi. Horregatik, samin handiz, agur esan behar diogu Nafarroan euskaraz argitaratzen zen kultur hilabetekari bakarrari.

Tamalez, gurea ez da salbuespena, eta badakigu beste hainbat hedabide kinka larrian daudela, Nafarroako Gobernuak ez zuelako bere eginbeharra bete, eta euskararen erabilera sustatu ordez harrika aritu delako, diru-kopuruak murriztuz, hedabide elebakar erdaldunetan eskuzabalki jarritako publizitate instituzionala askotan ukatuz eta medio euskaldunokin hitzarmen bat sinatzera behin eta berriz ezezkoa emanez. Gainontzeko hedabideek –baita Nafarroaz kanpokoek ere– jasotzen duten tratu eta errespetu bera eskatzen dugu guk ere. Izan ere, zenbat xahutu du Sanzen gobernuak "Diario de Navarra" egunkarian publizitate instituzionala jartzeko? Zenbat, "40 principales" irratian? Zenbat Popular TV, Canal 4 eta Canal 6 telebista-kate elebakar erdaldunetan? Horietan guztietan jarritakoaren %1 "Nabarra" aldizkariari eman izan baliote, akabo arazoak. Baina ez. Nafarroako Gobernuaren ekarpena 0 eurokoa izan zen. 0 euro dirulaguntzetan. 0 euro publizitate instituzionalean. Laguntzari eman nahi ez badute, ados, baina behintzat, ez gaitzatela baztertu euskaraz aritzeagatik. Ez dugu uste horrenbeste eskatzen dugunik.

Dena den, gaurko albiste guztiak ez dira txarrak izanen. «Nabarra» aldizkariaren proiektuak aurrera eginen du. Hasieran esan dudan bezala, «Nabarra» Nafarroatik, edo hobe esanda, UPNren gobernuak ordezkatzen duen Navarratik alde eginen du, baina proiektua ez da hilko. Bizkaialdean, gure lanarekin jarraitzeko borondatea eta adorea erakutsi duten lantalde bat topatu dugu eta, hortaz, ekainetik aurrera, NABARRA aldizkaria NBR izeneko elkarteak argitaratuko du, Bilbotik, Irati Jimenez kazetari eta idazlea lemazain dela. Zonalde horretan, guk izan ez dugun errespetua topatuko dutela espero dugu. Ez adiorik, «Nabarra».

Erantzunak

arrikitaun
2010-04-27 : 20:56

Beraz, Nabarra Bizkaian argitaratuko da? eta Bizardunek zer diote horretaz? Joer! Patxiren eskumuturra baino kafkianoagoa da egoera hau!


Gora absurdoa!


Mikel Haranburu
2010-04-28 : 11:58

Nafarroan askok ez dute "Navarra" Euskadin "integratzerik" nahi, desager ez dadin, nonbait, baina kasu honetan, Nabarra Euskadira joan beharra da, ez desagertzekotan...

Erantzun

Sartu