Oñatiko Turismo Bulegoak jarri du martxan ekimena. Gai turistikoen gaineko telebista saioen parrilla ikusteko aukera ematen du zerbitzuak, baita WAP atari batera sartzeko ere, hainbat zerbitzu turistikorekin. Bisitariek doan erabil dezakete zerbitzua, eta bost hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez) dago eskuragarri, martxoaren 31tik ekainaren 30era bitartean.
Hainbat euskal enpresa eta ikerketa zentrok garatu dute; tartean daude Goiena eta Batura enpresak. Vicomtech-IK4 ikerketa zentroarekin elkarlanean garatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Turismo eta Merkataritza Sailak kofinantzatu du.
Zerbitzu berri hori erabiltzea oso erraza da: alde batetik, Goiena Telebistak Oñatik dituen baliabide turistikoen gaineko hainbat telebista-eduki moldatu ditu; hala nola Unibertsitatea, Arantzazu, San Migel, baita naturaren, artearen, historiaren eta tradizioen gaineko bideo tematikoak ere. Eduki horiek emititzen dira telebista parrilla baten, telebista mugikorraren aukera berriak erabilita, Itelazpiren azpiegiturari eta Diratelen laguntzari esker. Bestalde, eta Euskaltelen telefonia aurreratuko sareak erabilita, Batura enpresak poltsikoko telefonoentzako zerbitzuen atari bat sortu du, hainbat atal dituena: agenda, Arrikrutzen gaineko informazioa eta bisitak egiteko erreserbak, BTT ibilaldiak, jatetxeen gaineko informazioa, monasterioen ibilbidea eta informazio meteorologikoa. Hemen ikus dezakezue: oinati.batura.mobi
Oñatiko Turismo Bulegoak hainbat dispositibo jartzen ditu bisitarien esku. Nahiz eta zerbitzua gertatuta dagoen bisitariaren poltsikoko telefonoan instalatzeko, gaur egun merkatuan oso terminal gutxik betetzen dituzte gutxieneko baldintzak. Poltsikoko telefonoan telebista ikustea da arazo nagusia; izan ere, estatuan erabiltzen den eta DVB-H estandarrean oinarrituta dagoen terminal bakarra Nokia N96 da. Hori dela eta, terminalen erabilera doakoa den arren, ezinbestekoa da Nortasun Agiria uztea depositu moduan. Terminala bueltatzerakoan Nortasun Agiria bueltatzen zaio bisitariari.
Terminal mugikorrak eskuragarri daude martxoaren 31tik ekainaren 30era arte. Turista eta bisitariek aplikazio hori proba dezaten animatzeko asmoz, Oñatiko Turismo Bulegoak zozketa bat egingo du parte-hartzaileen artean.
Erantzun
Sartu