Teknologia albisteak
2

iPad bat testeatu dugu: erosoa nabigatzeko, idazteko ez

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-23 : 14:04

Teknoflash eta Ideatecari esker Euskal Herrira iritsi den lehenengoetako iPad bat probatzeko aukera izan dugu Sustatun. iPada saltzen hasi zirenean esandakoa berresten dugu orain, probatu eta gero.


Argazkiak.org | Josu Mendicute iPad probaketan Ideatecan. © cc-by-sa: Josu Mendicute

iPada maiatza amaieran hasiko dira saltzen Euskal Herrian. Maiatzaren 10ean egin ahal izango dira eskariak, baina Sustatun dagoeneko probatu dugu bat. Ideatecakoek lortu dute ale bat ekartzea AEBtik, han izan den lagun baten bitartez, eta ETBko Teknoflash programakoekin batera joan gara euren bulegora tramankulua testeatzera. Momentuz hori da lortzeko modua, edo AEBko lagun batek erosi eta bidaltzea, aduana gastuak ordainduz.

Han eta hemen esan bezala, kontsumitzeko pentsatua dago, gauzak ikusteko, testuak irakurtzeko... baina ez idazteko, ez dago pentsatua Sustatun artikulu hau irakurri ondoren erantzun bat uzteko. Pantailako teklatuan akats mekanografiko dexente egin ditugu egindako probetan, baina xaguaren funtzioak egiteko oso ondo dabil. Akats mekanografiko horiek, agian, teklen arteko distantzia txiki horretara ohitze kontua baino ez da izango... moteltasun arazorik ez du ematen, beste teklatu taktil batzuek eman ohi duten bezala. Hala ere, iPadarekin batera, aukera ematen dizu Applek teklatu bat erosteko, 69 dollarren truke.

Guk probatu genuen iPadak wifi konexioa zuen, baina ez 3G konexiorik. Orain merkaturatzen ari direnek ez dute halako konexiorik, hori geroago merkaturatuko dute, eta seguraski telefono konpainiek eskeintza desberdinak egingo dizkigutela kontratu baten truke. Hilabete batzuren bueltan iritsiko da hori. Eta berritasun gehiago ere iritsiko direla espero dute, iPadaren hardwarea ia hutsik omen baitago barrutik.

Bateriak bestalde 10 ordu aguanta ditzakeela iragarri dute. Guk ez ditugu 10 ordu pasa iPadari begira, baina Ideatecan hori baino gehiago erabili dutela esan digute, eta agian izango direla 10 ordu bideoak ikusten. Bateriak bai, aguantatzen duela, baina nabaritu dutela aparatoa dexente berotzen dela. Estatu Batuetan esaten omen dute trastoa asko berotzen denean automatikoki itzali egiten dela, bapatean.

iPadaren erabilgarritasunaren aldetik hutsune handia da flash ez erreproduzitzea, iragarkiren baten aurkakorik ikusten bada ere. Apple eta Adoberen arteko gerraren ondorioz ezin ditugu iPadean euskaltubeko bideoak ikusi, adibidez. Eitbcom-ekoak berriz bai, horiek mp4 formatuan baitaude.

Liburu elektronikoa

iBooks izeneko programa bat probatu dugu liburu bat ikuskatzeko. Bi orri batera ikus daitezke, edo orri bakarra, segun iPada horizontal edo bertikalean hartzen baduzu. Pantaila blokeatu daiteke, eta nahi beste buelta eman angulazio aldaketa automatikorik egin ez dezan. Saiatu gara liburutik parrafo bat kopiatzen, ikusteko posible den zita bat hartzea hona ekartzeko, adibidez, baina ezin izan dugu testurik kopiatu. Hor ikusten denez, testua anpliatu edo marka bat sartzeko aukera ematen digu. Marka horien funtzioa da gogoratzea liburuko puntu zehatz bat, beste momentu batean irakurketa hortik hasi ahal izateko adibidez. Baina kopia-pegarik egiteko aukerarik ez dugu lortu testua aukeratu ondoren.

Testuaren letra tipoa eta tamaina aldatzea bai, lortu dugu. Baina liburuko irudiak anpliatzeko lupa funtziorik ez dugu aurkitu. Pantaila irudia atera dugu ikusteko irudia aukeratuta ematen digun aukera bakarra markadore bat sartzea dela.

Gu ez ginen irakurketa luzeetan hasi, baina Ideatecako lagun batek esan digunez ohean liburu bat irakurtzen egon zen aurrekoan, eta pantaila diztiratsua izan arren oso erosoa egin zitzaion.

iPadaren bertsio honetan, bestalde, ezin da karpetarik sortu mahaigainean ez inon, ez du Appleren ordenagailuek duten Finderrik. iPadean instalatutako softwareak dokumenturik gorde behar baldin badu iTunesen bitartez gordetzen du.

Erantzunak

Sustatu
2010-04-26 : 14:52

ETBko Teknoflash saiokoekin batera izan ginen aurrekoan Ideatecan iPad-a testeatzen, eta Teknoflashekoek asteburuan atera dute honen berri.



Goio Arana
2010-06-11 : 20:54

Gaur frogatu dut IPad-a.



Lanean asteko behar duen instalazioa oso erraz egiten da. Egin behar den gauza bakarra da kutxan dakarren USBa ordenadorearekin lotu. Hori da dena!



Baina, egin beharreko lotura horretan dago gakoa. iPad-a norberak ordenagailuan duen iTunes-ekin lotu behar du derrigorrez (Mac-a daukagunok orain arte iTunes erabili izan dut musika pilatzeko, nik behintzat ez du inoiz tresna hori erabili musika erosteko, are gutxiago Spotify dagoenetik).



Izan ere, aipatutako lotura hori behar da iPad-en edozer egiteko, baita debaldeko utilitateak deskargatu ahal izateko ere! Horregatik iPad-ak eskatzen dizun lehenengo gauza da iTunes kontua sortzea: posta helbidea eman, Visaren zenbakia, fakturak helbideratzeko datuak, telefono zenbakia... dena!



Ikusi dudanagatik ulertzen hasi naiz zergatik enpresariak (argitaletxeak, egunkariak...) jarri diren hain pozik Applen azken asmakuntzarekin: sekulako bidea ireki du orain arte debalde zirenak ordainpean jartzeko!



Nabigatu ederki nabigatzen da eta itxura eta akabera aldetik zoragarria da! baina, esandakoa, ongi etorri merkatal gunera!

Erantzun

Sartu