Teknologia albisteak

Etorkizun hiperberoa? Eta zer?

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-04-21 : 11:04

Ostegun honetan Aitor Payros EHUko estratigrafia eta paleontologia saileko ikerlariak Cristina Enea Fundazioan hitzaldia eskainiko du, Donostian. Etorkizun hiperberoa? Eta zer? izeneko hitzaldian, Payrosek hainbeste entzuten den aldaketa klimatikoa izango du mintzagai, baina ez gaur egunekoa soilik.

Etorkizuneko klimaren aurreikuspenak egiteko eredu matematikoak ezezik, beste bide batzuk ere egon badaudela azalduko digu. Zeintzuk dira bide horiek ordea? Geologiaren irakaskuntzak eskaintzen dizkigunak, hain zuzen ere.

Zumaian edo Donostian dugun flyscha aztertuz jakin eta ezagutu ditzakegu iraganean Lurrean eman ziren aldaketa klimatikoen ondorioak. Hotzaldiak eta beroaldiak bizi izan ditu gure planetak eta horien ondorioak harri eta harkaitzetan idatzirik gelditu dira liburu baten antzera, eta hori irakurtzen jakitearen garrantzia azpimarratuko du Aitor Payrosek.

Lurrak jasan dituen aldaketa klimatikoak aztertuz, eta aurrerantzean ezaugarri berdintsuak gerta daitezkeela ontzat emanik, aurreikus baitaitezke etorkizunean planetak izan ditzakeen ingurumen aldaketak, baita aldaketa horiek biosferaren gainean izan dezaketen eragina, Lurrak izan dezakeen dinamika berria, eta espero daitekeen ondorengo bilakaera ere.

Hitzaldia irekia izango da eta ostegunean, apirilak 22, arratsaldeko 19:00etan Cristina Enea Fundazioaren egoitzan izango da (Mandasko Dukea, 66 - Donostia).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago