Teknofiloen albistegia

Interneteko publizitate inbertsioek aurre hartu die aldizkari eta irratiei Espainian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-15 : 12:04

Publizitate inbertsioen nondik norakoak azaltzen dituen Infoadex txostenaren arabera, 2009an inbertsio handiagoa egin dute iragarleek Interneten, aldizkarietan eta irratietan baino. Publizitate inbertsioei dagokienez, hirugarren medio konbentzional indartsuena da orain Internet, telebistaren eta egunkarien ondoren.


Argazkiak.org | Publizitate inbertsioak 2009an © cc-by-sa: sustatu

Goiko grafikan ikusten denez 4,5 puntuko aldea dago Interneten eta aldizkarietan egindako inbertsioen artean, eta 2 puntu Internet eta irratiaren artean. 2010eko txostenetik hartutako datuak dira. Iazko Infoadex txostenaren arabera, 2008ko datuak ematen zituena, Interneten eta aldizkarietan inbertsio beretsuak egiten ziren, eta irratiak aurre hartzen zion Interneti oraindik ere. Hemen horren grafika, konparazioa egiteko:


Argazkiak.org | Publizitate inbertsioak 2008an © cc-by-sa: sustatu

Urtero publizitate inbertsioen nondik norakoak ezagutzeko ikerketa eskeintzen du Infoadexek. Espainiako datuen txosten bat argitaratzen du urtero, eta kontsultagarri daude pdf formatuan 1995etik hona. Hara, duela 10 urtekoa :


Argazkiak.org | Publizitate inbertsioak 1999an © cc-by-sa: sustatu

Ikusiko duzue Internet ez dela ageri ere egiten. Garai hartan Internet ez zen medio konbentzionalen artean katalogatzen. Hemen ikusten da medio ez konbentzionalen artean izan zuen indarra 2000. urteko txostenean:


Argazkiak.org | Publizitate inbertsioak 1999an © cc-by-sa: sustatu

Internet, igo den medio bakarra

Irratiari eta aldizkariei aurre hartu diela eraman dugu izenburura, baina beste hau ere izan zitekeen albiste: krisi garaian medio guztietan publizitate inbertsioak jeitsi diren bitartean, Interneten gora egin dute inbertsioek. Bigarren urtez jarraian gertatu da hau: inbertsioetan hazkunde positiboa izan duen medio bakarra izan da Internet 2009an.

Interneteko publizitate inbertsioa 610 milioi eurokoa izan zen 2008an, eta %7,2ko igoera izan du iaz; 654 milioi euroko inbertsioa hain zuzen ere. Beste medio guztiek hazkunde negatiboa izan dute:

  • Zinemak %26,5
  • Egunkariek %22,1
  • Gehigarriek %33,7
  • Kanpo-iragargintzak %22,6
  • Irratiak %16,3
  • Aldizkariek % 34,9
  • Telebistak %23,2

Igoera txikia izan du Internetek, %7koa, 2004tik hona urtero igoera askoz handiagoak izan ondoren. Baina gainontzeko medio konbentzionalek 16 eta 34 puntu artean galdu dituzten urte berean hazkunde positiboa izan duen medio bakarra izan da Internet.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu