Tolosaldeko zortzi herritan etxeetako postontzietan jasotako informazio komertziala (esku orriak, agiriak, katalogoak ) bildu eta hizkuntzaren erabileraren aldetik neurtu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. 24 herritarrez osatutako lan taldeak lagundu du agiri bilketa egiten herri hauetan: Adunan, Alegian, Anoetan, Iruran, Villabonan, Tolosan, Zizurkilen eta Ibarran. Guztira, 670 agiri jaso ditugu.
Ondorio nagusia da gaztelania dela Tolosaldeko etxeetako postontzietan jasotzen den propagandako hizkuntza nagusia: lau enpresatik hiruk gaztelania bakarrik edo gaztelania nagusiki erabiltzen dute.
Agiriotako hizkuntza neurtzeaz gain, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren laguntzarekin, eragileek legezko irakurketa bat egin dute, eta, horren arabera, ondorioztatu dute agiriak euskara ditzaten eskatzeko helduleku juridikorik ez dagoela, nahiz eta agiriak euskaraz ez egotea euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketa izan.
Gainera, Tolosa ez beste udalek gutunak bidali dizkiete enpresei euskararen presentzia gutxienez gaztelaniazkoaren parekoa izateko, baina udalen eskaerari ia inork ez dio jaramonik egin. Bi enpresak baino ez dute jarrera aldatu: Tolosako Berezi arropa dendak eta Anoetako Renault Autoberrik.
Argazkian, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko eta Galtzaundiko kide bana daude: eskuetan euskarazko agiriak dituzte, eta hankapean gaztelaniazkoak. Ikusten denez, euskara hutsezkoak hutsaren hurrena dira. 2009. urte osoan bi enpresak baino ez dituzte bidali gure etxeetara euskara hutsezko propaganda agiriak: iragarkilaburrak.com eta Renault Autoberri. Eskualdeko eta herriz herriko emaitzak eta ondorioak ikusteko, ikus PDF hau.
Erantzun
Sartu