Teknologia albisteak
1

Web 2.0, arte ekitaldi bat bultzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2010-05-11 : 10:05

Kooperatibista erretiratu bat, Ramon Aranzabal, Web 2.0 erremintak erabiltzen hasi da, sarean zabaltzeko arte ekitaldi bat, Gau magikoak Munibeko plazan, ekainaren 25ean egingo duena Bergaran, bertako Munibe plazan, non uztartuko dituen pintura, musika, dantza eta kontaketa. Bloga izango du komunikazio estrategiaren ardatz.

Ez da erraza horrelako ekitaldi bat antolatzea, eta are gutxiago krisi garaian. Horregatik, Ramon Aranzabalek estrategia bat antolatu du, bere anaia Joxeren laguntzarekin. Horren barruan, bloga erabiliko du komunikazioaren ardatz, performance horren berri emateko, bi blog hobeto esanda: bat euskaraz, Gau magikoak Munibeko plazan, eta gaztelaniaz bestea, Noches mágicas en la plaza Munibe, biak Wordpress plataforman sortuak, bakoitza bere hartzaileekin.

Aintzat hartuta ekitaldian hainbat elementu erabiliko direla (pintura, musika, dantza, irakurketa…), berauek kudeatzeko kontu bana sortuko ditu zerbitzu hauetan:

  • Flickr. Erakusteko aurrez egindako pinturak eta Gau magikoen inguruan sortutako argazkiak.
  • Blip.tv. Bertara igotzeko hemendik eta San Joan biharamuna bitartean sor ditzakeen bideoak.
  • Euskaltube. Ostatu emateko audio artxiboei.
  • del.icio.us. Bertan gordetzeko han eta hemen ekitaldiaz argitaratzen diren artikuluak.
  • Twitter. Gerrilla marketin apur bat egin eta jendearen iritzi eta iradokizunak jasotzeko.

Argi dago, beraz, Web 2.0 erremintak erabiliko dituela ekitaldiaren berri zabaltzeko. Horrek aukera emango dio jendearen feedbacka jasotzeko. Eta elementu horien guztien ardatzean bloga egongo da, bertan uztartuko dira-eta azalpenak, argazkiak, mapak, bideoak eta audioak.

Gau magikoak

Gau magikoak Munibeko plazan oinarrituko da Jean Sibelius musikari finlandiarraren Tuonelako zisnea obran. Bertan zisnea, lamia eta heriotza izango dira kontakizuneko elementuak, ahaztu barik aurora boreala. Berau irudikatzeko, Ramon Aranzabalek kolore biziko margoak erabiliko ditu, indartsuak. Horrekin batera, Musiraka dantza taldeak, Osintxukoa bera, prestatzen dihardu koreografia ekitaldirako.

Ramon Aranzabal

Mondragoen jaio zen 1950ean, eta Bergaran bizi da emaztea eta alabarekin. Fagorren egin zuen lan, harik eta, 2008an, erretiroa hartu zuen arte.

Lanean ziharduela, 1995ean, hasi zen pintatzen, horixe da-eta bere benetako zaletasuna. Pintura abstraktua egiten du, hasieran pastela erabilita, eta akrilikoa oraingo proiektu honetarako. Gogoak horixe eskatzen dio, baina baita oihalen tamainak ere, oraingoan koadro handiak egiten ari baita.

Erantzunak

Usoa
2010-05-11 : 19:01

Arantzabalen estudioan izan zen orain dela gutxi Goiena telebista. Hemen bideoa:


Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu