Teknologia albisteak

Katyn, Errusiako leku bat Poloniako historia tragikoan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-10 : 17:04

Poloniako presidentea, Lech Kaczynski, eta Poloniako dozenaka goi-agintari (banku nazionaleko eta Armadako buruak barne) hil dira hegazkin istripu batean, Errusiako Smolensk hirian lurreratu behar zutenean. 90 inguru dira hildakoak. Smolensk-era zihoazen agintariak ondoan dagoelako Katyn, 2. mundu gerran Poloniako milaka ofizial hil zituzteneko lekua. Eta haren 70. urteurrena markatzeko unea iritsi denean, Errusiaren erru aitortza argi batekin gainera, gertatu da hau.

Hilketa ikaragarria 1940an

Hilketa ikaragarria 1940an

Katyn 2. mundu gerrako gertaera terribleetako bat da. Gerra haren hastapenean, Molotov-Ribentropp paktua egin zuten Sobiet Batasunak eta Alemaniak, eta horren ondorioz, Polonia inbaditu zuen Alemaniak mendebaldetik, ekialdeko partea Sobiet Batasunak beretzat hartu zuenean.

Armada poloniarra desegin zuten inbaditzaileek, eta sobietarren esku 30.000 inguru ofizial geratu ziren preso. 1939-1940 urteetako negua preso egon ziren poloniar haiek, baina agindua etorri zen Kremlinetik hil zitzatela, eta Smolensk hiriaren inguruko basoetan hil zituzten gehienak, publizitaterik gabe, Katyn eta beste toki batzuetan, 1940ko udaberrian. Horren 70. urteurrena zen orain.

Erantzukizunarekin bueltaka

Krimenaren ondoren, haren erantzukizunaren historia luzea etorri zen.

Gerraren bidea aldatu egin zen 1941. urtean noiz eta Alemaniak bere aliatu sobietarrari eraso egin zionean. Errusia eta beste errepublika batzuen inbasioarekin ekialdeko frontean topo egin zuten Hitler eta Stalin buru zuten errejimenek. Gerrako fronte odoltsuena izan zen hura. 1943. urtean, alemanek Katyn deskubritu zuten, eta Gurutze Gorriaren kameren argitan publiko egin zuten krimen hura, ez zinismo gutxirekin, haren erantzukizunak politikoki Sobiet Batasunari kalte egingo ziolakoan. Hura salatzen zuten garai berean, are krimen ikaragarriagoak egiten ari ziren alemanak Europako ekialdeko juduen artean, eta baita preso hartutako soldadu sobietarren artean.

Fronteak berriz dantza egin zuen Katyn inguruko basoetan. Alemaniak atzera egin zuen, eta gerra galdu azken batean, eta hortaz Katyn berriz hartu ondoren, 1945. urtean Katyngo historia berriz idatzi zuren errusiarrek: alemanen ekintza izan zela hura, bertsio hori ofizialdu zuten, eta hurrengo urteetan, Polonian ezarri zen erregimen komunistari ere hori irentsarazi zioten: Poloniako agintari berriek jakin bazekiten egia baina egoera politiko eta historikoak ez zuen beste tarterik uzten.

Onarpen errusiarra

Azkenean, 1990. urtean, Sobiet Batasuna desegiteko gutxi falta zenean, onartu zuen Mikhail Gorbatxev presidenteak NKVD polizia sobietarraren erantzukizuna. Sobiet Batasunaren erru-onartze eta barkamen-eskeen formulekin, eztabaidak eta tentsioak egon izan dira azken urteetan, Poloniak ez baititu nahikotzat hartu izan, baina hain zuzen ere, iaz eta aurten gertatu da hurbilpen handiena, eta Vladimir Putin lehen ministroak adierazpen bateratua egin zuen aste honetan Katynen bertan Donald Tusk Poloniako lehen ministroa ondoan zuela.

Katyngo memorial eraberrituan egin zuten hori lehen ministroek, eta gaur zen, txanda, hain zuzen, presidenteena, Lech Kaczynski eta Dmitri Medvedev-ena. Poloniako lehen ministroa, Tusk, ez zegoen gaurko hegazkinean, ezta Jaroslaw Kaczynski lehen ministro ohia, Lech presidentearen anaia bikia. Errusiako agintaririk ere ez zegoen, hegazkina Poloniakoa baitzen, baina hori bai, 1960ko hamarkadakoa Tupolev modelo sobietar zahar bat. Batzuek aipatu dute beharra zuela Poloniak bere hegazkin ofizialak aldatzekoa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago