Udaberriarekin batera, bizitza, kolore eta usain eztanda bizi da naturan. Eta ez da gutxiago Donostiako Cristina Enea parkean. Zuhaitzak loratuta daude jada eta animaliak ere eten gabe ari dira jaiotzen (ikus bestela iragan astean jaio zitzaizkigun zortzi ahatetxo hauek, amarekin batera parkea ezagutzeko egin zuten aurreneko txangoan)
Oraintxe da zalantzarik gabe parkea ezagutzeko garairik bizi eta koloretsuena eta horretarako, parkea hobeto ezagutzeko, Cristina Enea Fundazioak parkearen planoa aurkeztu berri du.
Argazkiak.org | Cristina Eneako planoa © cc-by-sa: sustatu
Honakoa ordea ez da mapa soil bat. Maparekin batera parketik egiteko bi ibilbide proposatzen zaizkio bisitariari, parkea eta bere aberastasuna hobeto ezagut ditzan. Era berean, ibilbide bakoitzetik zehar bisitariak aurkituko dituen animalia eta landare mota ezberdinei buruzko xehetasunak ere emango dizkio bisitariari planoak. Esaterako, A ibilbidea eginez gero, indiar gaztainondoak, lizarrak, astigar zuriak, hibridatutako makal batzuk, apo arruntak, txepetxak edota gereziondo japoniarrak ikusteko aukera izango du bisitariak.
B ibilbidea aukeratuz gero aldiz, parkean hazten den ereinotz handienetako batekin, urubiren batekin, astigar zorrotz batekin, gingko bilobarekin edo sekuoia luze batekin egingo du topo, besteak beste.
Bizilagun berezien zerrenda labur bat ere badu planoak, hala nola txantxiku arruntari, paumari, arkanbeleari edo Libanoko zedroari buruzko informazioa aurkituko du planoa esku artean duenak. Amaitzeko, parkearen historia labur batekin batera, parkean aurki daitezkeen zuhaitz ezberdinen hostoak bereizi eta ezagutzeko gida ere badakar mapak.
Planoa debalde dago eskuragarri, euskaraz nahiz gazteleraz, Cristina Enea Fundaziora gerturatzen den ororentzat.
eta donostia.org web gunean
http://www.donostia.org/home.nsf/0/55494CE6CD711BA8C12576FE00454F45?OpenDocument&idioma=cas