Teknologia albisteak
1

Lehen Mundu Gerra, ikuspegi euskaldunetik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-04-09 : 14:04

Eneko Bidegainen Gerla handia, muga sakona liburua Lehen Mundu Gerraren inguruko azterketa bat da, Euskal Herritik ikusia, garai hartako bi agerkariren argitan aztertua. Batetik, Euzkadi Hegoaldeko gaztelaniazko egunkari abertzalea, eta bestetik Iparraldeko Eskualduna aldizkaria (euskarazkoa).

Miel Anjel Elustondok idatzi du erreseina Argiarako, eta bertan aurkituko duzue gehiago liburuaren mamiaz. Pasarte hau Argiako artikulutik hartu diogu Eneko Bidegaini:

Ipar Euskal Herria Frantziari begira zegoen. Frantzia zen haren aberri handia. (Besterik zen egoera Hego Euskal Herrian)Abertzaletasuna eta independentzi gogoa agertuak ziren ordurako. Hego Euskal Herriko zati handi bat, karlistak bereziki, alemanen aldekoak ziren. Euzkadi egunkarikoak, aldiz, jeltzaleak, ez ziren alemanen aldekoak, maiz pentsatu izan denaren kontra. Ez zuen gerlan sartu nahi, are gutxiago alemanen aldean, horrek Ipar Euskal Herriko anaien aurka borrokatzea eraginen zuelako. Gerlan hiltzen zen euskaldunentzat, Eskualdunak idazten zuen beren herriaren alde hil zirela. Euzkadik, aldiz, idazten zuen atzerriko herri baten alde hil zirela. Hots, Ipar Euskal Herrian frantses nazionalismoa errotu zen, Hegoaldean euskal abertzaletasuna garatzen ari zen garaian.

Eskualdunaren gerra garaiko ale osoak sarean daude, adibidez Argiakoa ilustratzen duen azala, 1914ko abuztuaren 7koa, honako ere baliatu duguna, titular argi horrekin: Gerla haste, biba Frantzia. Armiarma proiektuko Euskal Prentsaren Lanak artxiboan daude Eskualduna horiek. Euzkadi batzuk ere badaude, baina ez Bidegainek aztertu dituenak baizik eta beste garai batekoak, 1930eko hamarkadakoak.

Erantzunak

eneko
2010-04-10 : 14:49

Mila esker erreseina honegatik. Irrikitan naiz gure historiako momentu hauen inguruan irakurtzeko.

Erantzun

Sartu