iPad-ak saltzen hasi da Apple, eduki "aberastuak" erakusteko gaitasunarekin
Azkenean irten da iPad produktua kalera, Appleren ordenagailu eramangarri berria. Eta hasierako kritiken argitan espero zitekeen bezala, ilara eta fanfarriak iragarri arren (hedabideek Apple-ko marketinlariek ematen dieten guztia irensten dute), salmentak ez omen doaz hain ondo. Gainera, miresmenezko mezu batzuk egon badauden arren, kritikek segitzen dute. Bat, bereziki deigarria: iPad-erako sortzen ari diren eduki aberastuek antza dutela garai bateko Cd-Rom-ekin.
iPad-aren lantzamendurako prestatu izan dira zenbait eduki berezitu, iPad-erako bakarrik balioko duen formatu batean. Adibidez, Elements izeneko liburu sorta baten adaptazioa, kimika eta fisikako edukiak dakartzana; edo Marvel komikien bertsioak. Eduki sortzaileek nonbait uste dute material interaktibo horiek salduz dirua egingo dutela, eta Applek emango diela horretarako bidea, Ipad-aren plataforma itxian. Hala ere, Cory Doctorow edo Danny O'Brien-ek uste dute CD-Rom-en bertsio berrituak besterik ez direla jostailu horiek.
Eta zer gertatu zen? CD-Rom-aren magia Internet sareak gainditu zuen, eta, bestalde, aldizkari batekin CD-Rom-a ematearena iraganeko kontua da honezkero. Papera nahi baduzu, papera erosten duzu, eta eduki benetan aberatsetarako, Interneten nabigatzen duzu eta aurkitzen dituzu, doan.
Bide batez, iPad Peek aplikazioa begiratu dugu nola geratuko zen Sustatun iPad batean, eta egia baldin bada simulazioak ematen duena, ez du itxura txarrik.
Erantzunak kargatzen...