Sustatu logoa Teknologia albisteak

Emakumeak eta osasuna, jardunaldiak

iñaki peña
2010-04-10 12:04

Izenburuan iradoki bezala, gero eta emeagoa den osasun munduko hainbat sendagile, erizain eta bestelako profesionalak gai zabal honetaz arituko gara ekainaren lehenengo asteburuan, "Emakumeak eta Osasuna" alegia. Aurten webgune propioa edukiko dugu, eta bertan kontsulta daitezke egitaraua eta bestelako xehetasunak. Guztira mahai-inguruetako 16 ponentzia, 21 ahozko komunikazio, 30 poster, 3 tailer eta hitzaldi batekin osatuko dugu programa.

Esan bezala aurten Debagoieneko lantalde bat jardunaldiak antolatzen gabiltza, eta espero ditugu nagusiki Hego Euskal Herritik etorritako 200 eta 300 pertsona artean. Arantzazuko ingurune paregabean jardungo dugu, Gandiaga Zentroan , eta bosgarren aldia izango da lau hiriburuetatik kanpo ibiliko garena.

Iaz ere hiriburuetatik at ibili ginen, eta Joxe Aranzabal gonbidatua izan zen bere esperientzia pertsonala kontatzeko gaixo moduan. Momentu hunkigarria izan zen gutako askorentzat, eta berarentzat horrelako ekitaldi batean zer nolako bizipena izan zen bere blogean kontatu zuen..

Geure esparru zailean hizkuntza normalizatzea epe luzeko helburua dugu, eta hortik urrun gabiltza, zer esanik ez. Baina behintzat jardunaldi hauetan hiztegi medikoa finkatzea, profesionalen arteko harremanak ahalbidetzea eta bestelako elkarteekin sareak sortzea dira epe labur eta ertaineko xedeak.

Osasuna!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu