Sustatu logoa Teknologia albisteak

Aretxabaletako kuarteleko armarri errepublikarra

Goio Arana
2010-04-14 09:04

Errepublikarekin lotutako bitxikeria batekin gatoz... 1935. urtean Aretxabaletako alkate Amurriza zela, herrian Guardia Zibilaren kuartela egitea erabaki zuten; urruti jo barik, etxea altxatzearen ardura Oñatiko eraikitzaile bati eman zioten. Errepublika denbora izanik, agintariek deliberatu zuten etxearen aurrealdea apaintzeko aproposena Espainiako Bigarren Errepublikaren harrizko armarri handi bat jartzea zela. Honako hau, hain zuzen ere:


Argazkiak.org | Aretxabaletako kuartel zaharreko armarria © cc-by-sa: goioarana

Baina, etxea bukatu eta gutxira, frankisten matxinada etorri zen, ondorengo gerra eta Frankoren garaipena; denbora gutxian, modu sistematikoan, Errepublikarekin zerikusia zuten arrasto guztiak ezabatuz joan ziren. Beno, ia denak, izan ere, batek daki zergatik, Aretxabaletako armarriak tente iraun zuen, gaurko egunera oso-osorik iritsi arte.

Guardia Zibilek Aretxabaletatik 1985ean egin zuten alde, hau da, eraikina altxatu eta 50 urte beranduago. Urte guzti horietan egon zen armarria errepublikarren etsai eta frankista amorratuak ziren Guardia Zibilen etxearen ate blindatuen goiko aldean, itxura batean, bertako bizilagunei inongo traba egin barik.


Argazkiak.org | Aretxabaletako kuartel zaharra © cc-by-sa: goioarana

Eraikinak kuartela izatera utzi zionetik, bertan kokatu dira, besteak beste, gaztetxea, haurtzaindegia, musika eskola eta kultura-etxea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu