Hezkuntza.net eta irakasle.net e-posta helbide guztiak Outlook-eko aukera ez-estandar eta itxiekin murriztuko dituzte
Migratuko dituzten e-postak, Hezkuntza Saleko guztiak dira.
- @hezkuntza.net : ikastetxeak dira kontu hauen erabiltzaileak, ikastetxe bakoitzak kontu bat du domeinu honetan.
- @irakasle.net : irakasle bakoitzak du hemen kontu bat, bere kontu pertsonala, eta Hezkuntza Sailak bertara bidaltzen du langileei bideratutako informazioa.
Hezkuntza Sailak ikastetxeei jakinarazi dienez, Euskaltelen azpiegitura batetik Eusko Jaurlaritzako sistema propiora migratu behar dute e-posta sistema, eta aurrerantzean, sistema berrian, bakarrik jaitsi ahal izango dira e-postako mezuak Internet Explorer eta Outlook sistema erabilita. Windows sistema eragilea eta kito, noski. Sistema berriak ez du POP3 edo IMAP bidezko konexiorik onartuko. Hauek biak dira e-postak protokolo estandarrak mezuak deskargatzeko zure ordenagailura, zure sistema eragilea edo ingurunea zein dela ere, baina migrazioaren ondoren, akabo horiek. Mezuak deskargatzeko, Outlook 2003 erabili behar da, eta kito.
Ikastetxe batzuetan Thunderbird, Eudora edo beste sistemaren bat erabiltzen badute e-posta jaisteko, akabo. Beste batzuetan, Zimbra aplikazioarekin lotuta dituzte mezu elektronikoak, bulego lanerako ingurune bat eskaintzen baitu Zimbrak; baina horientzat ere, itxiko da iturria. POP3 eta Imap estandarrekin dabiltzan sistemak dira Thunderbird, Eudora eta Zimbra, noski.
Gainera, Thunderbird eta beste bezero batzuk doakoak dira, libreak eta estandarretara egokituak izateaz gain. Outlook 2003 ordea, ez da librea, eta Hezkuntza Sailak berak argitzen du kontu hau prestaturiko galdetegian:
Non lor ditzaket Microsoft OUTLOOK 2003ko posta-bezeroa?
Microsoft OUTLOOK 2003ko posta-bezeroa ez du Hezkuntza Sailak ematen; erabiltzaileak erabili ahal izango du, baldin eta lehendik badu edo bere kabuz lortzen badu.
Zenbateko kostua dute adierazitako posta-bezeroek?
Microsoft Outlook 2003, aldiz, Microsoftek emandako bezero bat da, eta ordaindu egin behar da. Prezioa jakiteko, jar zaitez harremanetan zure ohiko informatika-banatzailearekin.
Web bidez, Outlook Web Access (OWA) deritzon sistema batetik ere kontsultatu ahal izango da e-posta, eta horrekin, Firefox erabilita irakurri eta bidali egin ahal izango dute erabiltzaileek. Hala ere, sistema hori ere Internet Explorer Microsoften sistemara dago egokitua, eta aukerak eta errendimendua ez da berdina Firefox-ekin.
Instrukzio batzuk banatu ditu Hezkuntza Sailak migrazioari buruz. Hemen duzue itsatsita dokumentu horietarik lehena, FAQ edo galdetegi bat. Beste bi dokumentuak ere sarean daude, OWA sistemari buruzko argibide batzuk, eta Outlook 2003 konfiguratzeko instrukzioak.
Erantzunak kargatzen...