Teknologia albisteak
5

2009ko Beterriko Liburua irabazteko bidean

Erabiltzailearen aurpegia
111 Akademia
2010-03-23 : 13:03

Ehun ta Hamaika Akademia 2009ko Beterriko Liburu izendatuko den obra aukeratzeko jardunbidean murgilduta dago bete-betean. Lehen bozketa txandan sei horiek izan dira boto gehien jaso dutenak, eta orain akademiakideek horietako baten alde egin beharko dute: Martin eta Xabier Etxeberria anaiak, Uxue Alberdi, Fermin Etxegoien, Aingeru Epaltza, Karmele Jaio eta Irati Jimenez.

Joan den urtarrilaren amaieran zabaldu zen lehen bozketa txanda, eta bertan 2009ko libururik gogokoenaren aldeko botoa bidaltzeko eskatu zitzaien 147 akademiakideei. Akademiaren arautegiaren arabera, lehenengo txanda horretan obra batek jasotako botoen %30a bereganatu behar du Beterriko Liburu izendatua izan dadin. Ez zen, ordea, halakorik gertatu, eta beraz, akademiako Batzorde Eragileak lehen saio horretan boto gehien jaso zuten lehenengo sei obrak akademiakideen irizmenpean jarri ditu bigarren txanda batean:

  • Martin eta Xabier Etxeberriaren ARRAIN ABISALAK.
  • Uxue Alberdiren AULKI-JOKOA.
  • Fermin Etxegoienen AUTOKARABANA.
  • Aingeru Epaltzaren IZAN BAININTZEN NAFARROAKO ERREGE.
  • Karmele Jaioren MUSIKA AIREAN.
  • Irati Jimenezen NORA EZ DAKIZUN HORI.

Beraz, martxoaren 30a bitartean zabalik egongo den bozketa txandan sei horietako baten alde egin beharko dute akademiakideek. Bigarren horretan obra batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, akademiako Batzorde Eragileak huraxe izendatuko luke 2009ko Beterriko Liburu; kopuru horretara iritsi den obrarik ez balego, boto gehien jaso duten lehenengo bi lanak hirugarren txandara pasako lirateke, eta babes gehien jasotzen duenak irabaziko luke saria.

Hirugarren urtez, 111 Akademiak txanda sistemaren aldeko apustua egin du Beterriko Liburua aipamena jasoko duen obra izendatzeko; izan ere, sistema honek saritutako obra ahalik eta akademiakide gehienek irakurtzea ahalbidetzen du, eta beraz, babes handiagoz izendatzen da sariduna. Akademiakideen parte hartzeak garrantzi handia du, hortaz, sari honen hautaketan. Maila eta mota guztietako irakurleak onartzen ditu 111 Akademiak, baina urtean zehar egiten duten irakurketaren emaitza akademiarekin partekatzea eskatzen zaie, iritzi eta botoak bidaliz, bereziki.

Erantzunak

Amonamantangorri
2010-03-26 : 19:56

Krimen Uribe ez dute hautagaitzat aukeratu, jainkoei eskerrak.

audience
2010-04-09 : 19:01

Onenak Irati Jimenez eta Epaltzana!

Ehun Ta Hamaika akademia
2010-04-14 : 19:20

Ehun Ta Hamaika akademia 2009ko Beterriko Liburu izendatuko den obra aukeratzeko prozesuaren amaierara iristear dago. Martxoaren bukaeran itxi zen bigarren bozketa txandak ez zuen saridunik utzi, ez baitzen jasotako botoen %40a lortu zuen obrarik egon, eta horrenbestez, txanda hartan boto gehien jaso zuten bi lanak finalera pasa dira. Apirilaren hasieran zabaldu zen azken bozketa txanda, eta hilaren 22a baino lehen 150 akademiakideek bi obra hauetako baten alde egin beharko dute:


  • Aingeru Epaltzaren IZAN BAININTZEN NAFARROAKO ERREGE.

  • Irati Jimenezen NORA EZ DAKIZUN HORI.

Egun gutxi barru ezagutuko dugu, beraz, 2009ko Beterriko Liburua izango den obraren izena. Sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 6an ospatuko da Amasan.


Sustatu
2010-04-23 : 17:04

Azkenean, bada, Irati Jimenezek irabazi du 111 Akademiako kideek idazle bizkaitarraren Nora ez dakizun hori eleberria izendatu dute 2009ko obrarik gogokoena..


Ehun Ta Hamaika akademia
2010-04-26 : 12:43

Ehun Ta Hamaika Akademiako akademiakideek Irati Jimenezek idatzi eta Elkar argitaletxeak plazaratutako NORA EZ DAKIZUN HORI eleberria aukeratu dute 2009ko Beterriko Liburu. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 22an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2009an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 150 akademiakideei, eta lehen txanda hartan Beterriko Liburu izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Irati Jimenezen NORA EZ DAKIZUN HORI eta Aingeru Epaltzaren IZAN BAININTZEN NAFARROAKO ERREGE izan ziren bi finalistak, eta Jimenezen eleberriak jaso du boto gehien; idazle mundakarraren lanak hemeretzi botoko aldea atera dio Aingeru Epaltzaren nobelari. Aurreko bi txandetan ere NORA EZ DAKIZUN HORI izan zen boto gehien jaso zuena.


Irabazleari saria ematea baino ez da geratzen orain. Maiatzaren 6an ospatuko da 2009ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena ezagutzera emateko ekitaldia, Amasako kultur etxean, arratsaldeko 19:30etan. Idazle saritua bertan izango da, eta obra sarituaren larruz enkoadernaturiko ale bat jasoko du.


Mundu fantastiko batera darama irakurlea Irati Jimenezek NORA EZ DAKIZUN HORI eleberrian. Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak... Hasiera batean arrotz dirudien mundu horretarako bidaia modu samur eta goxoan egingo du irakurleak, une oro magia eta lilura alboan dituela.


Erantzun

Sartu