Teknologia albisteak

Sustraiez Blairen X. urtemuga jaia Beasainen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustraiez Blai Kultur Elkartea
2010-03-21 : 09:03

Hamar urte beteko ditu 2010ean Sustraiez Blai jaialdiak eta datorren martxoaren 27an, Beasaingo Gernika pasealekuko frontoian, 20:00etatik hasita, urteurrena ospatzeko asmoa du, musika-festa berezi hau prestatzen ibilitako antolatzaile eta lagunoi esker ona adierazteko asmoz.

2009ko edizioan aurreikusita zegoen BIZARDUNAK taldeak parte hartzea, baina azken orduko gorabehera baten erruz, ezinezkoa gertatu zitzaion talde nafarrari Zaldibiara joatea. Orduan agindu zuen Goierrin joko zuela data adostu bezain pronto.

Aukera paregabea iruditu zaie Sustraiez Blai Kultur Elkarteko kideei, BIZARDUNAK taldearen kontzertua aitzakia hartuta, aurten beteko dituen hamar urteak lagunartean ospatzeko. Eta lan horretan laguntzeko, beste musika-talde bat ere gonbidatu dute Beasainen jo dezan: Lasarte-Oriako Makulu Ken taldea, hain zuzen ere. Beasaingo Udalaren diru-laguntzari esker, sarrera doanekoa izango da eta beraz, sustraidun musikaz gozatzeko aukera paregabea izango da hurbiltzen den jende guztiarentzat.

Festan parte hartuko duten taldeak:

BIZARDUNAK. Esan bezala, BIZARDUNAK taldea Nafarroatik dator eta Dubliners eta The Pogues bezalako irlandar taldeen doinuak hartzen ditu oinarri. Lotsarik gabe esaten dute EUSKAL FOLK ERRADIKALA, NAFAR HERRI (HIRI) KANTA BERRIAK egiten dituztela. Bederatzi gizon, bederatzi ahots... denetarik dago lagun-talde honetan; folk-ean aritutakoak, rockero ezagunak, azken hauen lagun mozkorrak... Ez pentsa bizardun hauek hasiberriak direnik, Mermaid, Basque Country Pharaons, Green Manalishi, Black Lagun edota Brigada Criminal eta Fiachras taldeetan ibilitako musikariak baitira.

MAKULU KEN. MAKULU KEN taldea, berriz, Gipuzkoako Lasarte-Oriatik datorkigu. Duela bi urte elkartu ziren bere kideak funky eta reggae musika motak erritmo afrikarrekin elkartzeko asmoak bultzatuta. Nahasketa honetan, afrobeat-a edo afrikar funky estiloak atzeman daitezke,baina nabarmena da, era berean, rockaren nahiz reggae musikaren eragina. Zuzenean ikusi, entzun eta, nahi izanez gero, dantzan aritzeko taldea da.

Dizebi eta Xtrm graffiti-egileak. Musikaz gain, izango da zerikusirik. Izan ere, Beasaingo bi artista ezagun arituko baitira graffitiak marrazten taldeak jotzen ari diren bitartean: dizebi (Igor Rezola) eta XTRM (Xabier Anuntzibai) taula-gainean arituko dira, jendaurrean, beren lana osatzen, guztion gozamenerako, jaialdiaren hamargarren urteurrena gogoan.

Gogoratu, martxoaren 27an, Beasaingo Gernikako pasealekuko frontoian ospatuko da musika-emanaldia, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. SARRERA, DOAN.

DJ. Makala Koiote berri tabernan Jaiari jarraipena eman nahi diotenek, berriz, izango dute aukerarik Beasaingo Koiote berri tabernan, DJ. Makala izango baita bertan, global funk doinuen bidez jendea dantzan jarri nahian.

Mikel Unzurrunzaga, Makala. Zarautzen jaio zen Mikel Unzurrunzaga Schmitz, bere bi pasio nagusietan, surfa eta musika, oinarritu duena bere jarduera profesionala. Musikagintzan lehen urratsak 90eko hamarkadaren hasieran eman zituen disko jartzaile gisa Makala goitizena erabiliz. Urteak pasa ahala bere emanaldiek gero eta musika anitzagoa bildu dute: afrobeatetik funkera, souletik reggaera, skatik hip hopera, boogalootik dubera, rocksteadytik jazzera, dena nahasita, xehatua, aise irensteko prest.

SUSTRAIEZ BLAI KULTUR ELKARTEA
Myspace
Facebook

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago