Teknologia albisteak

Hauteskundeak ditugula Ipar Euskal Herrian

Erabiltzailearen aurpegia
Jose Luis Aizpuru
2010-03-12 : 09:03

Igandean hiru bozkaldi ezberdin antolatuak dira Ipar Euskal Herrian. Iparraldeko Euskal Irratiek gaualdi berezia antolatu dugu arratsaldeko 6etatik goiti. Datuak ere internetera igoko ditugu, www.euskalirratiak.info webgunera

Eta bai hauteskundeak ditugula Euskal Herri ekialde honetan. Edo hobeki esan, hiru bozkaldi ditugula igande honetan Ipar Euskal Herrian. Estatu Batuetan bezala, gai ezberdinetaz bozkatzeko aukera: Akitaniako eskualdeko bozak direnez Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 19 Eskualdeko Kontseilari hautatuko ditu (orotara 98 hautetsi hautatuko dira Akitania osoan).

Bestalde, Batera Plataformak Iparraldeko 122 herritan (orotara badira 156 herri) herri galdeketak antolatu ditu, Iparralderako erakunde instituzional propio bat eskatzeko. Galdera zehatza hau da: Euskal Lurralde Elkargo baten sortzearen alde zirea?

Mila pertsonek lan egingo dute herri kontsulta hau ongi atera dadin, eta 193 bozka bulego izango dira prest. 90 alkatek sustengua eman diote Bateraren ekimen honi.

Hirugarren bozkaldi bat ere antolatua da igandean. Abiadura Handiko Treinaren linea berri bat eraiki nahi da Lapurdin zehar, eta horren kontrako direnek, herri galdeketa bat antolatu dute Lapurdiko zortzi herritan: Biriatu, Urruña, Senpere, Azkaine, Ahetze, Arbona, Basusarri eta Arrangoitzen.

Jakin behar da zortzi herri hauetako alkateek bat egiten dutela kontsultarekin eta zortziak ere eskuineko alkateak direla.

Iparraldeko Euskal Irratietan hauteskunde gau berezia antolatu dugu hiru bozkaldiak jarraitzeko. Internetez ere entzuten ahalko duzue, eta datuak ere igoko ditugu gure webgunera.

Ostegunean Euskal Irratietarako antolatu dugun hauteskundeei buruzko debateko argazkia duzue hori.

Erantzun

Sartu