Teknologia albisteak

Navajo Stories, navajo herriaren ipuinak.

Erabiltzailearen aurpegia
Ana I. Morales
2010-03-11 : 09:03

Ostiralean, martxoak 12, gaueko 9etan, Bilboko Hikaateneoan (Ibeni kaia 1 behea, Atxuri, Bilbo, San Antonen aurrean) Vanessa Schmitt ikertzaile navajoak navajo herriaren hastapen-narrazioak azalduko ditu, kultura horretako sinbolo, izaki eta kontakizun tradizionalen berri emanez.

Schmittek hitzaldia irudi eta musikaz osatuko du eta bukaeran navajo kulturako zenbait objektu (otzarak, joiak, tapizak) gertutik ikusteko aukera emango digu. Hitzaldia ingelesez izango da, euskarako itzulpenarekin, eta sarrera doan.

Hiru mundu igaro eta gero, laugarrena dugu hau. Baina gauza asko gertatu ziren koloreen laugarren mundu honetara heldu arte: ikas ezazu Lehen Emakumearen eta Lehen Gizonaren arteko maitasun, desira eta gatazka biziaz, Koiote zuhur eta anbiguoaren trikimailuez, antzutasun aroaz eta geroko harmonia eta emankortasunaz. Ezagutu Emakume Aldakorra, eta hark sortutako gizakiak, Nihokáá Dineh, navajoak.

Vanessa Schmitt irakaslea (Vannessa Ur Garratz, bere klanari dagokionez) Arizonako Black Mesako erreserban hazitako emakume navajoa da. Historian lizentziatua da, Hezkuntza Multikulturalean masterduna eta doktore tesia egiten ari da jatorrizko amerikarren literaturaz eta filosofiaz Salamancako Unibertsitateko Ingeles Filologiako departamentuan.

2009ko maiatzean Schmittek Navajo Nation 101 hitzaldia eskaini zuen Deustuko Udaltegian, navajoen kultura eta historiaren oinarrizko zertzelada batzuk aurkezteko. Hitzaldi interesgarri haren jarraipena da navajoen mundu- ikuskera tradizionalaz emango duen beste hitzaldi hau.

Erantzun

Sartu