Teknologia albisteak
2

Rith 'Korrika' gaelikoan parte hartuko du AEK-k bihartik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
AEKren Komunikazio Bulegoa
2010-03-08 : 18:03

AEK eta KORRIKAren arduradunak Dublinen izango dira aste honetan, bihar Belfasten hasiko den Rith 2010 ekitaldian. Rith 2010 izeneko lasterketa burutuko dute Irlandan martxoaren 9tik 17ra bitartean. Gaelikoaren aldeko ekimen hau lehenengo aldiz egingo da aurten, urtero martxoan ospatzen den Gaelikoaren Astearen baitan, baina hemendik aurrera bi urterik behin antolatzeko asmoa azaldu dute eragileek.

Belfasten abiatu eta, 1.600 kilometro egin, eta 250 herri eta 15 konderri zeharkatu ostean, Galwayn amaituko da Rith 2010, Patrick Deunaren eguna ospatzeko burutzen den jai egunaren baitan.

Gaelikoa Irlandako lehen hizkuntza ofiziala izan arren, hizkuntza gutxitua da gaur egun Irlandan, eta are egoera zailagoan aurkitzen da Ipar Irlandan. Rith 2010eko antolatzaileek eskainitako datuen arabera, ez dira bi milioira iristen munduan gaelikoa hitz egiteko gauza diren pertsonak. Ipar Irlandan biztanleen %10,4 dira eta AEBetan 13.000 lagun inguru. Hala ere, asko omen da gaelikoa unibertsitatean ikasten ari omen den jendea, hizkuntza honek Europako Batasunean lan status ofiziala lortu ostean. Egoera diglosiko horren ondorioz, erakunde asko ari dira Irlandan gaelikoa berreskuratzearen aldeko lanean, horietako 39 gobernu irlandarrak zuzenean babesten dituelarik.

Rith 2010 ekitaldian biltzen den dirua Ciste Rith Ar Son Na Gaeilge izeneko fondo batera bideratuko da, eta gaelikoaren sustapenerako ekimenen antolaketarako erabiliko. Erakunde horretako partaideak sektorean prestigioa duten pertsonak dira. Lehenengo edizio honetan lortutako dirua herri mailako taldeei zuzenduko zaie, ekitaldiak antolatu eta materialak erosteko. Baina etorkizunean gaelikoaren sustapenaren aldeko lanean jende gehiago jartzeko ere erabili nahi da dirua.

Lasterketari berari dagokionez, AEK-k antolatzen duen Korrikaren antzera, Rith 2010eko korrikalariek ere eskuz esku igaroko den lekukoa eramango dute, Bradley Richards eta Brian Reardon artisau irlandarrek egindako aginte makila irudikatzen duena. Zilarrezko eraztun batek inguratzen duen makilaren barruan Irlandako presidente Mary McAleesek gaelikoaren alde idatzitako mezuak egingo du ibilbide osoa. Hala ere, Rith 2010ek ez ditu Irlandako errepideak gau eta egun zapalduko. Korrikalariak egunez bakarrik arituko dira, eta gauez Club Rith izeneko jaialdiak egingo dira egun horretan karrera geratzen den herrian.

AEK-k eta Korrikak Dublinen egingo dute kilometroa

Ideia Euskal Herriko Korrikaren berri izan zutenean bururatu zitzaien Rith 2010en antolatzaileei, eta ekitaldia hobeto ezagutzeko asmoz Tuterara etorri ziren pasa den urtean 16. Korrikaren hasiera ekitaldira. Orain, euren hizkuntzaren aldeko lasterketa abian jartzeko momentua heldu zaienean, Korrika eta AEK gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Hala, Edurne Brouard Korrika arduradunak eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak Dublin erdiguneko Patrick Street-en hartuko dute Rith 2010eko lekukoa martxoaren 11n. Iluntzeko zortziak eta hogeita bostean dute hitzordua 374. kilometroa egiteko. Dena den, karreran bertan parte hartu aurretik, arratsaldeko bostetan hasiko den ekitaldi ofizial batean izango dira AEK eta Korrikaren arduradunak.

Erantzunak

Sustatu
2010-03-09 : 09:31

Benito Fizek ere komentatu du Rith Korrika. AEK-k bere kilometroa non erosi duen ere erakutsi digu Fizek: Dublingo kaleetan. Zein kilometro dagoen salduta, nori, eta zein dagoen oraindik salgai, oso modu grafikoan agertzen da, erosketa sistema batekin lotuta. Gaelikoz ere bai, noski.


AEKren prentsa bulegoa
2010-03-12 : 14:03

AEK-K 382. kilometroa egin du Rith 2010en



AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta Korrikaren arduradun Edurne Brouardek Rith 2010en lekukoa hartu zuten atzo gauean Dublingo Patrick Street-en 382. kilometroa egiteko. Goizean, AEKren arduradunak Emer Costello Dublingo alkate andrearekin eta Rith 2010 ekimeneko arduradunekin bildu ziren Dublingo udaletxean, eta oroigarria jaso zuten alkatearen beraren eskutik, Rith inspiratu duen Korrikaren antolatzaile izateagatik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago