Teknologia albisteak
2

Donostiako natura ikusgai Cristina Enea Fundazioaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2010-03-09 : 09:03

Cristina Enea Fundazioa, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxeak, Donostia beste begi batzurekin ikusteko aukera ematen hasiko da martxoaren 18tik aurrera. Hiriko natura izenarekin, egitasmoak bi zati izango ditu. Bata, erakusketa. Cristina Enea Fundazioan bertan, Donostiako hiru harresitan aurki dezakegun bioaniztasuna erakutsiko dizuegu. Harresiak Cristina Enean bertan dagoena, San Bartolomekoa eta Paseo Berrikoa dira. Ikusentzunezkoen eta panelen bidez harresietako bizitzaz ohartuko gara.

Bigarren zatia, hiritik zehar egingo ditugun ibilbide gidatuak dira. Ibilbideen helburua da egunerokotasunak ezkutatzen dizkigun balio ekologiko handiko elementuak eta tokiak ezagutzea, baita bitxikeria bat baino gehiago jakitea ere.

Ibilbidea Cristina Enea parkean hasiko da. Mundaiz pasealekuarekin muga egiten duen harresian, ezkutuko biztanleak aurkitzeko parada izango dugu: hegaztiak, onddoak, anfibioak, narrastiak, saguzarrak eta landare mota ugari, besteak beste. Parkearen sarrera nagusira abiatuz eta arreta apur bat jarriz, parkean bizi diren zizare andanaren arrastoak antzemango ditugu. Ondoren Egiako lurpeko pasabidetik sartuz, argien inguruan biltzen diren armiarmen istorioak ezagutuko ditugu. Maria Kristina zubia zeharkatzean hiru elementu ikusiko ditugu: arabazozo pikartak, geko edo dragoitxoak eta ostrak. Ibilbideak Easo plazatik jarraitzen du (bertako lorategi esekiak ikusiz) San Bartolomeko harresiraino iritsiz. Han, besteak beste bizitzaren eboluzio-prozesuaren lekuko izango gara, barnean akuifero bat izanagatik beti heze mantentzen den muinoan. Era berean, Zaragoza plazako bananaondoari eta Kontxako pasealekuko tamariz edo milazkei buruz gehiago jakiteko parada ere izango da.

Bisita gidatuak datozen hiru hileetako azken igandeetan egingo dira (martxoak 28, apirilak 25 eta maiatzak 30; 11.00etatik aurrera), baina talderen batek (ikastetxe, elkarte...) interesa izanez gero, astean zehar ere egingo ditugu. Izena jada eman daiteke ibilbide gidatuetan parte hartzeko (943453526 edo cristinaenea a bildua donostia.org), beraz ez galdu abentura honetan parte hartzeko aukera!

Erantzunak

M.K.
2010-03-09 : 12:06

Eta igandeetako ibilaldi horiek, ze hizkuntzatan izango dira?

Cristina Enea Fundazioa
2010-03-09 : 13:21

Gure nahia da euskaraz eskatzen duen taldeari, zerbitzua euskaraz eskaintzea eta gazteleraz nahi duenari aldiz, gazteleraz. Talde berean euskaldunak eta erdaldunak baleude, ikusi beharko litzateke bi talde egiteko aukera ote dagoen, bakoitzari nahi duen hizkuntzan eskaini ahal izateko, edota ibilbidea ele bitan egiten den. Ahal dela, bi ordutegi ezberdin jarriko dugu hizkuntza bakoitzeko ibilbiderako, baina oraindik zehaztu gabe dago.

Erantzun

Sartu