Pecha Kucha gaua estreinakoz Donostian
Donostiako lehen Pecha Kutxa Night ekitaldia martxoaren 11n izango da, iluntzean. Pecha Kucha aurkezpenak egiteko formatu kreatibo bat da, non lan bat era erraz eta informal batean aurkezten den. Interesa eta arreta maila mantentzeko aurkezpen motz-motzak egiten dira, 20x20ko formatukoak: aurkezle bakoitzak 20 irudi edo diapositiba ager ditzake, bakoitza 20 segunduz erakutsiz, 6 minutu eta 20 segundu, eta akabo.

Ordenagailua 20x20 formatu horretara programatu, eta diapoak aurrera doaz ezinbestean: aurkezleak irudiei jarraitu behar die bere azalpenekin. Denera, aurkezpen bakoitzak 6min eta 40s irauten du, eta atseden txiki baten ondoren, hurrengo aurkezlea eszenatokira igotzen da. Gertaera bakoitzean normalean 8 aurkezpen ematen dira.
Aurkezpenak nolakoak diren ikusteko, zoaz Pecha Kucha webgune nagusiko biltegira. Adibide bat hemen itsatsi dugu:
Klein-Dytham arkitektura bulegokoek sortu zuten Tokion 2003an, diseinatzaile gazteentzat elkarpuntu bezala. Bertan berauen obrak jendaurrean erakutsi eta haiei buruzko iritziak eztabaidatzeko. Orduz geroztik, formatu hau munduan zeharreko beste hainbat hirietara zabaldu da.
Donostian, martxoaren 11n
Donostiara ere, arkitektura estudio batzuen eskutik iritsi da: TOKI, Stepien & Barno eta VAUMM.
Webgunea ere sortu dute, blog bat. Gehiena gaztelaniaz dago, baina gauaren aurkezpena eta honako aprobetxatu ditugun azalpen orokorrak euskaraz ere bai. Ez da ageri lehen gaueko programa zein izango den eta, hortaz, ideiak proposatzea irekita egongo dela suposatzen dugu. Kontakturako, hemendik.
Lehen hitzordua, Martxoak 11, 20.00etan, Donostiako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren egoitzan, Frantzia Hiribidea 11, Donostia. Vol I goiburua jarri diote ekitaldiari, beraz, gehiago ere etorriko direla pentsa daiteke.
Erantzunak kargatzen...