Legebiltzarrean, BECeko saskibaloi finalean, Gorbeako puntan... Espainiako bandera zabaltzeko batzuek duten grinak ez du mugarik. Azkenekoa Gipuzkoako Foru Aldundian: Epaitegiek bandera jartzeko agindu diote Diputazioari. Bandera zabaltzeko gogo-bizi horren aurrean, Espainiako banderarik behar ez dugunok beste norbaiti oparitu dieziokegu. Ea guk baino gusturago hartzen duen norbaitek...
Protesta eraikitzailea egiteko aukera dugu Espainiako bandera gure egiten ez dugun guztiok. Rojigualdarik inguruan ikusi nahi ez badugu, zer hoberik gustura hartuko duen norbaiti ematea baino! Zer hoberik behar ez dugun hori oparitzea baino! Horretarako sortu da Espainiako banderarik ez ekimena.
espainiakobanderarikez.info webgunean oso aplikazio sinplea sortu da: "Espainiako banderarik ez dut behar eta horregatik emango diot..." esaldiarekin hasten da guztia. Hala sentitzen duen erabiltzaileak zerrendakoen artean botoa eman diezaioke gustukoen duenari. Horrez gain, komentarioak jartzeko aukera ere badago. Baina, norbaitek zerrendan ez dagoen norbaiti eman nahi badio, haren izena jarri besterik ez du. Jendeak emandako boto kopuruaren arabera ordenatzen dira Espainiako bandera jasotzeko hautagaiak.
Ekimen honen bitartez, modu umoretsu eta eraikitzailean Espainiako bandera zabaltzeko dagoen grina, gogo-bizi eta estrategia salatu nahi dira. Eta aldi berean, bandera hori ez dugula gure sentitzen adierazteko bidea jarri nahi da.
Eta boto gehien duenarekin zer pasako da? Bidaliko ote zaio banderarik? Ez dakit hori pentsatuta ote dagoen, baina ez litzateke gaizki egongo. Ni prest nengoke bandera erosteko diru apur bat jarri edo nonbaitetik lapurtzeko.