Teknologia albisteak

Augmented Reality: Euskaraz, zenbat errealitate?

Erabiltzailearen aurpegia
Haritz Rodriguez Xuriken
2010-02-26 : 10:02

Augmented Reality. Azkenaldian oso modan dagoen teknologia da. Geokokapenean oinarrituz, mundu fisikoari informazio erantsia gaineratzen dio gailu eramangarri baten bitartez. Begien aurrean agertzen zaigunaren gainean Interneterako estekak agertuko balira bezala. Hobeto ulertzeko, Teknopolis saiorako grabatu genuen Vlog ataleko kapitulu hau ikus dezakezue (2 minutu).


euskaltube.com bideoak | Izenburua: VLOG_4: Errealitate areagotua | Erabiltzailea: teknopolis

Ondo. Ulertu dugu zer den Augmented Reality delako hori, eta izan ditzakeen aplikazioak. Baina, euskaraz… nola esaten zaio euskaraz? Inongo hiztegi, estilo liburu edo akademiaren arauetan ez baita ageri.

Bada, badirudi, euskararen Augmented Reality-ak errealitate bat baino gehiago dituela. Bideo hori grabatzeko gidoia prestatzen aritu ginenean, zalantzak sortu zitzaizkigun. Eta Teknopoliseko erredakzioak “Errealitate Gehitua” erabiltzea hobetsi zuen, Andoni Sagarna euskaltzainaren Iparroratza blogean halaxe ageri zelako.

Bideoa grabatu ostean, ordea, zuzentzaileek erabaki zuten ez zela Errealitate Gehitua, “Errealitate Areagotua” baizik. Halaxe irakur daiteke bideo honen transkripzioan, baita Elhuyarreko beste argitalpen batzuetan ere. Besteak beste Igor Leturiak idatzitako artikulu bikain honetan.

Ordutik, hainbat blog eta agerkaritan irakurri dut euskaraz Augmented Reality delakoari buruz. Arkaitz Zubiagak, esaterako, “Errealitate aberastua” esaten dio “Gaur8“n. Gorka Julio Teketen-ek, aldiz, “Errealitate hedatua” erabili du “Berria“n argitaratutako artikulu batean.

Ikus ditzagun gaztelaniazko “aumentar” aditzaren euskarazko adierak:
Euskalterm hiztegian: Handitu, handiagotu.
Elhuyar hiztegian: Handitu, handiagotu, gehitu, gehiagotu, emendatu, ugaldu, areagotu.
3.000 hiztegian: Gehitu, aniztu, berretu, ugaritu, gurendu, agregatu, eratxiki, emendatu, handitu.

“Errealitate Gehitua”, “Errealitate Areagotua”; “Errealitate Aberastua”, “Errealitate Hedatua” edo besteren bat… Nola esan behar zaio euskaraz?

Jatorrizkoa: Gutenberg Galaxia

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago