Teknologia albisteak

Nafarroako administrazioan euskara sustatzea debekatua

Erabiltzailearen aurpegia
Paula Kasares
2010-02-16 : 09:02

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak Administrazioan euskaraz ere bai kanpaina bertan behera utzi du. Nafarroako Euskararen Institutuak, Euskarabideak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan euskararekiko sentiberatasuna eta aldeko jarrerak sustatzeko kanpaina aurreikusi zuen 2009ko egitasmoen artean.

Urte bukaeran egin beharrekoa zen sentiberatze kanpaina hori modu positibo eta aktibo batez diseinatu zuten: ezein langile behartu gabe, hala nahi zuten funtzionarioei beren burua euskalduntzat agertzeko materiala emanez eta, haien hizkuntza gaitasunaren arabera, zerbitzu publikoetan euskara erabiltzeko zenbait urrats bideratuz. Horretarako, euskara dakiten eta ikasten ari diren funtzionarioen artean zenbait material banatzea zegoen aurreikusita: afixa edo kartela, lapitz-bolalumetarako kartoizko ontzia, herritarrei arreta euskaraz eskaintzeko esaldi usuak biltzen dituen mahai gainekoa eta erregela.

Halere, Alberto Catalan kontseilariak Hezkuntza Departamentuaren ardura hartu eta ondoan, kanpaina garatzeko materiala ez banatzea deliberatu du.

Erabaki horrek are ahulago utzi du Nafarroako Gobernuaren euskara sustatzeko hizkuntza-politika. Krisiaren eraginak bereziki latzak izan dira euskararentzako: euskara sustatzeko diru-sailak erdira baino gutxiagora murriztu ditu; 1986an Euskararen Foru Legea indarrean sartu zenetik lehen aldiz, euskarazko hedabideei diru laguntza kendu die eta, oro har, euskarari ematen zaion diru publikoa inoiz baino murritzagoa da egun.

Atentzioa ematen du egoera horretan, administrazioan euskara sustatzeko kanpaina egiteko material osoa prest egonda -beraz, diru publikoa gastatuta-, materiala banatzea debekatu izanak. Bestalde, ikusita zertan diren hizkuntza-politika eta hizkuntza-eskubideak Nafarroako administrazioan, agerikoa da halako sentiberatze kanpainak egiteko dagoen premia.

Euskararen erabilera bultzatzeko materiala banatzeko debeku hori ez da bakarra izan. Antzekoa gertatu da ikasleen artean banatzekoa zen euskarazko eskola-agendekin. Milaka ale geratu dira Hezkuntza Departamentuko sotoetan. Martxa honetan, Nafarroako Gobernuari euskarazko material zentsuratua gordetzeko biltegia txiki geratuko zaio.

Paula Kasares
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Paula Kasares / Euskara Zuzendaritza Nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundia

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago