Vancouver: munduko Luge pistarik azkarrena egin dute; eta kirolari bat hil da
Ez dira ondo hasi Vancouverko Neguko Joko Olinpikoak. Atzo, Luge izeneko lera jaitsierako lehiaketako kirolari bat hil zen istripuz, bere entrenamenduetan. Nodar Kumaritaxvili, 21 urteko georgiarra, leratik askatu, bidetik irten, eta zutoin baten kontra jo zuen. Argazki sorta bat hemen.
Lera ñimiño bat da Luge delakoa, Neguko Joko Olinpikoetako kirolik arrikutsuena agian, baina kasu honetan, nonbait are arriskutsuagoa. Izatez, beste edozein irristatze pista baino azkarragoa da Whistler izeneko hau, Vancouverreko Jokoetarako egindakoa. Beste edozein pistatan baino 20 edo 30 kilometro orduko azkarrago jaitsi daitezke kirolariak hemen. Hala ere, argazkietan ikusten denez, pista ondoko zutoinek ez dute babes berezirik.
Whistler pistan lortu izan da abiadura errekorra luge jaitsieran, 152.8 kilometro orduko, iazko otsaileko lehiaketa batean. Whistler ez den pista batean egindako aurreko errekorra, 2001. urtekoa, 139.6 kilometro orduko ziren, atera kontuak. Errekor hura baino azkarrago omen zihoan atzo Kumaritaxvili, kalkulatu dutenez, 143 kilometro orduko.
Luge pista arriskutsuak beste lehiaketa batzuetan ere gertatu izan dira. Hildako bat ere bai, entrenatzen, Innsbruck-eko pista olinpikoan, 1964ko Jokoak hasi baino bi aste lehenago.
Informazio gehiago: CNN eta Vancouver Sun.
Erantzunak kargatzen...