Teknologia albisteak

Hazkundea eta zabalkundea dira Elhuyarren helburuak datozen hiru urteetarako

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2010-02-07 : 10:02

Hazi eta zabaldu. Horiek dira Elhuyarren helburu korporatiboak, datozen hiru urteetarako. Elhuyar Fundazioak gogotsu eta baikor ekin dio 2010. urteari. Elhuyarren Patronatua 2009. urteko balorazioa egiteko eta 2010. urteko kudeaketa-plana onartzeko bildu da. Bilera horretan, 2009ko irailean amaitu zuen V. Gogoeta Estrategikoaren aurkezpena egin du. Prozesu parte-hartzaile baten bidez gauzatu da V. Gogoeta Estrategikoa, eta Elhuyarrek 2010-2012 urteetan izango duen norabidea definitu da bertan.

Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak 2009. urteko ekintza aipagarrienak gogorarazi ditu: Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa, Teknopolis telebista-programaren X. urteurrena, Teknopolis-ek Europako zientzia-dibulgazioari buruzko programa onenaren saria jaso izana (Johnson&Johnson popular science TV Award saria, alegia), Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkari berritua baina betiko izpirituduna, “Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian” azterketa-lanaren aurkezpena, Z Izpiak dibulgazio-saila abiatzea Bill Brysonen Ia denaren historia labur bat liburuarekin, eta Elhuyarreko I+G taldearen Anhitz aditu birtuala Polonian saritua izatea (Computacional Linguistics Aplications nazioarteko workshop-ean: aplikazio onenaren saria lortzea).

Elhuyarren IV. Gogoeta Estrategikoa 2006-2009 epeari dagokio eta 2009. urteak epe horren amaiera ekarri du. Zalantzarik gabe aho batez aipa daiteke 2009. urtea mamitsua izan dela, eta IV. Gogoeta Estrategiko honek bere emaitzak eman dituela. Esaterako, Elhuyar Fundazioa Euskal Herriko Hizkuntzen Industriaren LANGUNE elkarte sortu berriaren kide eta sortzailea da. Hizkuntzen tratamenduarekin zerikusia duten produktuak eta zerbitzuak diseinatzeaz, ekoizteaz eta komertzializatzeaz arduratzen den jarduera-sektoreko hainbat enpresa eta erakundek Euskal Herriko Hizkuntzen Industriaren LANGUNE izeneko elkartea sortu dute, eta tartean Elhuyar Fundazioa dago.

Gainera, Elhuyarren Patronatuaren bilera honetan, Itziar Nogerasek datozen hiru urteetan Elhuyarren norabidea zein izango den aurkeztu du. Elhuyarren Zuzendaritzak iazko udaberrian abiarazi zuen gogoeta estrategikoan 40 bat lagunek parte hartu dute; hiru taldetan antolatu dira (hizkuntza-zerbitzuak, zientziaren komunikazioa eta talde eragilea) eta Elhuyarren Patronatuak ere parte hartu du. Prozesu parte-hartzaile baten bidez eta aholkularitza-enpresa baten gidaritzapean egin den gogoeta estrategiko horren ondorioz, helburu korporatiboak, erronkak, ildo estrategikoak eta Elhuyar kulturaren gakoak definitu dira.

Gauza onak, ongi eginak leloa gidari hartuta, hauxe da Elhuyarren xedea: zientzia eta teknologia gizarteratzea eta euskararen garapena bultzatzea, eta, horretarako, euskal gizartearekin bat eginez, balio erantsiko zerbitzu, tresna eta baliabideak garatzea, berrikuntza ardatz izanik.

Elhuyarrek bi ardatz nagusi bereizi ditu; batetik, zientziaren dibulgazioa eta, bestetik, hizkuntza-zerbitzuak. Zientziaren dibulgazioan askotariko publikoengana iritsi gura du: publiko orokorrarengana, haur eta gazteengana, publiko espezializatuarengana (ikerlari, kazetari…) eta gizarte-eragileengana. Hizkuntza-zerbitzuen alorrean, berriz, hiru zerbitzu-mota eskainiko ditu Elhuyarrek: hizkuntza-kudeaketa, itzulpenak eta zuzenketak; hiztegiak eta corpusak, eta azkenik, hizkuntza-teknologien I+G.

Hori guztia oinarri hartuta, bi helburu korporatibo zehaztu dira: hazkundea eta zabalkundea. Egitasmo berriak abiatuz eta erronka berriei erantzunez haztea da asmoa. Egungo proiektuen edo proiektu berrien erabiltzaile-kopurua handitu egingo da zabalkundea lortzeko. Inoiz baino gehiago, gizartearekin bat aritzeko apustua egingo du Elhuyarrek. Elhuyarren izena eta izana eta berrikuntza ardatz hartuta, lanaren kalitatea izango da Elhuyarren marka.

Elhuyar Fundazioa osatzen duten kide guztiek, bazkideek barne, ahalegina egingo dute Elhuyarren lana gizartetik ahalik eta hurbilen egon dadin eta gizartearekin batera gara dadin. 2012. urtera arte Elhuyarrek ibilbide luzea du oraindik, eta gizarte osoari dei egiten dio, bidaia honetan Elhuyarren lagun izan gura badu, ateak guztiz irekiak dituela. Elhuyarren etorkizuna guztion artean eraikitzea da asmoa.

Erantzun

Sartu