Teknologia albisteak

Phishing saiakera Euskalnet-eko e-posta erabiltzaileen kontra

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-02-05 : 12:02

Phishing saioak etengabeak dira sarean, baina azken egunetan Euskalnet e-posta helbideen erabiltzaileenganakoa agertu da. Adi, pasahitzak mezu elektroniko batean eskatzen dizkizuten saiakera maltzur hauekin.

Hauxe helarazi digu lagun batek. Mezu faltsua da, jakina. Zure pasahitzak lortu eta gero nahi dutena egiteko erabiltzen dira mezuok. Normalean, bankuko kontuekin; baina gaur egun ia edozerrekin, adibidez, Facebook-eko kontuen pasahitzak lapurtzeko intentzioarekin, edo ikusten dugun bezala, Euskaltel-en Interneteko e-posta zerbitzua (Euskalnet) darabiltenen kontuak eskuratzeko asmoz.

Phishing esaten zaio Interneteko iruzur mota honi. Gidalerro orokor bezala:

  1. Inoiz ere ez egin klik e-posta bidez bidalitako pasahitz aldaketa eskaeratan. Erakunde batek ez dizu inoiz eskatuko horrela pasahitz aldaketa bat.
  2. Lehen arauari ez badiozue kasurik egin eta klik egin baduzue,
  • Begiratu ONDO helbide barran agertzen den domeinua zein den
  • Ez fidatu giltzarrapo txikia ageri bazaizu nabigatzailean. Konexio segurua ezartzeak ez du esan nahi benetako erakundearekin ari zarela. Horrelakoetan aztertu zertifikatua (giltzarrapo txiklaren gainean klik eginda, edo antzerako zerbait, nabigatzailearen arabera) ea nork sinatzen duen eta identitatea ondo ezartzen duen

Dena dela lehen arauari kasu eginez phishing aukerak asko murrizten dira.

Erantzun

Sartu