Inauteriak sarean: Eibarko koko-eskea twitter bidez jarraitu daiteke
2010-02-05 08:02
Neguko festetan ohikoak diren baserriz-baserri eta etxez-etxeko eske-erronda egiten dugu Eibarren inauterietan. Koko-eskean arituko gara Eibarko hainbat baserritan egun osoz, eta aratoste erronda, dantza eta festaren berri twitter eta coveritlive bidez kontatzen joango gara larunbatean.

Koko-dantzariek makila-dantza egiten dute baserri bakoitzaren aurrean, eta mamarruek saria pasako dute baserritarren opariak jasotzeko. Arratsaldean, 19.00etatik aurrera Eibarko erdiguneko kaleetan ibiliko da konpartsa osoa Mauxitxa txarangak lagunduta.
Koko-eskearen ibilbidea
Ohi bezala Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak, goizeko 8:30ak aldera. Ondoren baserriz-baserriz bisita, koko-dantza eta eskea egiten hasiko gara. Zozola, Zozolabarri, Aritxuluetabarri eta Aritxuluetara Mandiola auzoan, eta Altzerreka, Zumaran, Mendibil, San Roman, Aboagaazpikoa, Aboagainekoa, Suinagatxo, Suinaga, Gorostiaga, Arizpe, Atxekoa, Orbesoaren , Aginagainekoa, Oregizahar, Arandobarrena, Arandoguena eta Arandoetxebarri Agina aldean. Ikus hemen Aginako ibilbidea mapan:
Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera.
Inauteriak twitter bidez
Aurten koko-dantzen nondik norakoak zuzenean erretransmitituko ditugu twitter bidez. Hainbat modu daude koko-eskearen nondik norakoak jarraitzeko:
- Gure twitter kontua (/kezkadantza) jarraituz.
- Kezka dantza taldearen blogean Coveritlive tresna jarriko dugu eta horren bidez gure mezuak ikusi eta nahi izanez gero zuen komentarioak bertan utzi ahal izango dituzue.
- Facebook-en gure kontuan.
Erantzunak kargatzen...