Teknologia albisteak

Durangaldeko Anboto komunikabideak-ek egoitza berria inauguratu du

Erabiltzailearen aurpegia
Anboto
2010-01-31 : 09:01

Anboto komunikabideak-ek Iurretan duen egoitza berria inauguratu du aste honetan, joan den ostegunean. Hantxe batuko ditu aurrerantzean astekaria, irratia eta webgunea. Goiuria kultur gunean Xabier Amurizak zuzendu zuen ekitaldian sasoi batean Eraz aldizkariagaz ereindako hazia gogora ekarri zuten. Langile, kolaboratzaile, udal ordezkari eta eskualdeko elkarteetako kideez gainera, kultur eta kirol arloko hainbat aurpegi ezagun elkartu ziren. Hainbeste urtean babesa eman dioten lagunen berotasuna jaso zuen Anbotok.

Xabier Amurizaren hitzek eman zioten hasiera ekitaldiari. Anbotok 2001ean sortu zenetik hona egindako bidea laburbildu zuen. Ondoren, Eraz aldizkariaren —Anboto astekariaren aurrekaria— zuzendari eta bultzatzaile izandako batzuen (Iñaki Barañano, Izaskun Ellakuriaga, Jose Inazio Arrizabalaga eta Andoni Mugika) gomutak, gomendioak eta etorkizunerako aholkuak jasotzen zituen bideo erakutsi zuten. Gorka Barruetabeña Durangaldeko Herri Komunikabideak-eko lehendakariaren hitzaldiaren ostean, Karrika antzerki taldeko kideek umorez eta filosofia apur batez jantzi zuten ekitaldia.

Ondoren, Anbotoren egoitza berria bisitatu zuten bertaratutako guztiek; astekaria, irratia eta webgunea toki berean batzen dituen egoitza. Ondoren, pintxoek eta ardo onak lagundutako tertuliak eman zion amaiera ekitaldiari.

Anbotoko lan-taldearen partez eskerrik asko inauguraziora etorri zinetenoi eta, oro har, Anboto zale guztioi!

Erantzun

Sartu