Google Docs aplikazioan elkarlanerako aukera berriak ezarri dituzte azken asteotan. Lehenbizi folder edo karpetak antolatu eta partekatzeko aukera ireki zuten, eta aste honetan, edozein fitxategi mota igotzekoa. Biak batuta, elkarlanerako espazioak edo proiektu-kudeaketarako tresna interesgarri bat daukazu esku artean.
Google Docs ez dago euskaraz oraingoz, eta hortaz ingelesezko termino batzuk erabiliko ditugu hemen.
Berrikuntza hauek iritsi aurretik, aurkezpenak, testu-dokumentuak, eta kalkulu-orriak ikuskatu eta zenbait kasutan editatzeko aukera ematen zizun Google Docs-ek. MS Office edo OpenOffice ofimatika paketeetako aplikazioekin bateragarriak dira sareko Googleren dokumentu hauek.
Dokumentu jakin bat norbaitekin partekatzeko aukera ere bazegoen: dokumentu bat sortu edo kargatu duzu, eta haren share edo partekatze baimenetan gonbidatzen ahal duzu lagun bat, ikuskatzeko eta (aukeran) editatzeko ahalmenarekin. Beste dokumentu bat sortuz gero, berdin egin zenezakeen partekatzea.
Orain, folder edo karpeten antolakuntza erraztu egiten du hori. Sortu karpeta jakin bat proiektu baterako, izenda ezazu Arraldetarrak eta partekatu ezazu karpeta horixe Arraldeko zure lagunekin, nahi duzun guztiekin, dela ikuskatzeko edo editatzeko baimenarekin. Ondoren, karpeta horixe bera ikuskatuko du Arraldetar bakoitzak bere Google Docs kontuan, eta zuk karpetara igotzen dituzun dokumentu guztiak, haien esku ere geratuko dira. Arraldetar horiek editatze-baimena ere badute, beren dokumentu propioak ere igo ahal izango dituzte.
Hemen goian, ingelesezko interfazearekin aukerak nola ikusiko dituzun. Google Docs-eko ezkerreko aukeretan, Folder edo karpetak daude, batetik zeuk sortu dituzunak, eta beherago beste batzuek sortuak, baina zeurekin partekatu dituztenak.
Folderren kontu horri batzen zaio orain fitxategi mota guztiena. Jada ez duzu zertan bakarrik ofimatika motako dokumentuak gordetzeko aukera: berdin igo dezakezu bideo pusketa bat, Photoshop edo Autocad fitxategi bat, nahi duzuna. Google Docs-ek ez du bertan irekiko dokumentua, baina besteek zurekin partekatu dutena jaitsi ahal izango duzu.
Aukera berriak toperik ote duen ez dakigu, baina galdetegi honen arabera, badirudi 10 gigabyte arteko gaitasuna duela tresnak.
Erantzun
Sartu