Sustatu logoa Teknologia albisteak

Irekia.euskadi.net astelehenean irekiko dute

Sustatu
2010-01-23 13:01

Sustatuk irailean iragarritako Jaurlaritzaren proiektua, Irekia.euskadi.net, datorren astelehenean, hilak 25, irekiko da, arratsaldeko 18.00etarako antolatu den ekitaldi batean. Zuzeneko bideo-emanaldia egongo da irekia.euskadi.net helbide horretan bertan.

Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuen publikotasuna eta herritarren partaidetza zuzena sustatzea da ekimenaren abiapuntua, orain arte zabaldutakoaren arabera.

Aurkezpen ekitaldia Lehendakaritzaren egoitzan izango da, Gasteizen. Gonbidapenak bidali zituzten Jaurlaritzatik ostegunean, izena emateko e-postaz. Euskarazko gonbidapenean e-posta oker zetorren, eta haiei hori jakinarazi ondoren, beste mezu bat bidali zuten, ostiralean, zuzenketaren berri ematen. Kasu honetan, ordea, gonbidatuen e-posta zerrenda osoa mezuaren ageriko CC: alorrean jarri zuen bidaltzaileak. 142 lagunen e-postak daude zerrenda aukeratu horretan.

Jaurlaritzaren bigarren mezu ondoren, iradokizunak azaldu dira Twitterren (txisteen artean kasuren batean), datu-babeserako legeak hautsi izan direla. Ikusi iruzkin hauek, adibidez: bat, bi, eta hiru

Gonbidatuen zerrenda hori nola egin duten ez dakigu, baina Sustatu editatzen lan egiten duten bi lagun, Luistxo Fernandez eta Josu Mendicute, zerrenda horretan ageri gara, eta horregatik dakigu kontu hau. Gonbidatuak izan garenez, egongo gara Lehendakaritzan, eta kontatu ere egingo dugu Sustatun nola doan Irekiaren irekiera.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu