Teknologia albisteak

Google Bai Bai

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-01-27 : 11:01

Txinan dituen arazo tekniko, politiko eta beharbada etikoen aurrean, Googlek iragarri berri du bere presentzia eta Google.cn bere bertako bertsioaren jarraipena berraztertu beharko dituela Txinan. Erabiltzaile batzuek, konpainiari loreak eta beren babesa eskainiz erreakzionatu dute, Googlek Pekingo egoitzan duen kaleko zeinua apainduz. Zeinu horietako batek fama pixka bat hartu du: Google Bai Bai dioena.


Creative Commons Aitortu © cc-by: QiFei / Mike Dong

Google.cn 2006. urtean sortu zuen Googlek, aitortuz arazoak zeudela Google.com Txinatik zuzen kontsultatzeko, eta hortaz, herrialde hartako domeinu propio batean, Herri Errepublikako arauen arabera, beste bertsio bat jartzea hobe zela deliberatu zutela. Zenbait kontrol edo zentsura politiko zehatz onartu zituen Googlek orduan.

Hala ere, nonbait lan egiteko modu hori deserosoa zaio, edo ez dio errentagarritasun ekonomikorik ematen, edo eskaintzen duen zerbitzua, Txinaren itzal ofizialaren pean izanda ere, ez da behar bezalakoa. Eta hortaz, Txinako operazio lokalak eta Google.cn berriz ebaluatu behar dituztela diote orain. Mezu horretan bertan, beren zerbitzarien kontrako erasoak izan direla diote, helburua Txinako oposizioko elementuak izan daitezkeelarik.

Googlek ez du esaten eraso horiek Txinako Gobernuak eragin dituenik, baina bertako baldintzak desegokiak direla argi diote orain. Hurrengo asteetarako helburua jarri dute Txinako Gobernuarekin filtrorik gabeko Google bertsio bat posible ote den aztertzea, "legearen barruan." Negoziazio horien emaitza ez bada beren gustokoa, Google.cn itxi dezaketela diote oharrean.

Erreakzioak

Googleren iragarpen horrek erreakzioak sortu zituen han-hemenka. Eta horietako bat izan da, Txinako Googleren egoitzetan eskaintzak azaldu direla, espontaneoak nonbait.

Horietako batean, Pekingo egoitza nagusiaren aurrean, oharrak eta loreak jarri zituzten, eta oharren artean, Google Bai Bai delako hori. Bye bye ingelesezkoaren beste transkripzio bat da, itxura zeharo euskaldunekoa. Blogari honek dioenez, Bai horrek erreferentzia egiten dio Baidu (百度) bilatzaile txinatarrari. Hona 百 edo bai zeinuaren azalpen bat ingelesez.

Irudia eta formulazio berezi hori (bai bai) zenbait analisitan azaldu da. Adibidez, The Economist-eko artikuluan, John Paczkowskiren analisian, AP agentziaren argazkian ...

Kartelari jende partikularrak ere atera zion argazkirik. Hona zenbaiten bilduma bat. Argazkilari horietako batek, Mike Dong-ek, iPhone batekin irudiak ateratzen, lizentzia librearekin kargatu zituen gero Flickr-era, eta horietako bat aukeratu dugu artikulua ilustratzeko.

Erantzun

Sartu