Teknologia albisteak

Eroskik Consumer Corpusaren eskaintza egin dio Euskaltzaindiari

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2010-01-24 : 10:01

Consumer aldizkariaren 12 urteetan argitaratutako testuetan oinarritutako corpusa sarean jarri dute. Lau hizkuntzatan ematen ditu emaitzak: euskara, katalana, galiziera eta gaztelania. Elhuyar Fundazioak eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoak garatu dute corpusa Eroskirentzat.

Hizkuntzaren profesionalentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere baliabide linguistiko garrantzitsua da corpus eleaniztun hau; horregatik, edonork izango du aukera Interneten kontsultatzeko. Consumer Corpusa Eroski Fundazioak hizkuntzaren aniztasunarekin duen konpromisoaren adierazgarri da.

Eroskik Consumer Corpusaren eskaintza egin dio Euskaltzaindiari, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aste honetan antolatutako ekitaldi batean. Bertan, hiru erakundeetako hauetako ordezkariek hartu dute hitza: Agustin Markaide, Eroskiko zuzendari nagusia; Andres Urrutia, Euskaltzainburua; eta Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia.

Eroski Consumer corpusaren entrega Corpusgintza Gaur Egun izeneko mintegiaren barruan egin zen. Mintegian, corpusgintzan erreferentzia diren Euskal Herriko eta Espainiako zenbait adituk hartu zuten parte: Xavier Gómez Guinovart-ek (Vigoko Unibertsitatea) testu-corpusei eta plangintza linguistikoari buruz hitz egin zuen; Miriam Urkia (Euskaltzaindia) hizkuntzalaritzako corpusgintzaren garrantziari buruz mintzatu zen; Igor Leturiak (Elhuyar Fundazioa) eta Edurne Martinezek (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa) Eroski Consumer Corpusaren aurkezpen teknikoa egin zuten.

Ondoren, corpusgintzaren erronken eta etorkizunaren gaineko mahai-inguru batean parte hartu zuten ekitaldira gerturatu ziren hainbat hizkuntzalarik eta ikertzailek. Mintegiko hizlariei Andoni Sagarna (Euskaltzaindia), Antton Gurrutxaga (Elhuyar Fundazioa) eta Elena García (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa) batu zitzaizkien.

Erantzun

Sartu