Sustatu logoa Teknologia albisteak

IKEA gora, IKEA behera

Goio Arana
2010-01-25 10:01

Gertatutakoa:

Goizean IKEAra joateko asmoarekin irten naiz etxetik, baina Barakaldoko denda erraldoira joan aurretik Leiora joan beharra nuen (inguruan ibili bai baina, aitortu beharra dut inoiz gelditu barik nengoela Bizkaiko herri horretan). Pena da lehenago joan ez izana zeren benetan sorpresaz betetako herria da Leioa!

Lehenengo irribarrea sortu zait autoa aparkatu (aparkatzea kostata ere!) eta pare-pareko etxearen izenean erreparatu dudanean:


Argazkiak.org | Leioako IKEA etxea © cc-by-sa: goioarana

"To, zelako kasualitatea! IKEArako planean eta begira etxearen izena!", eta neure artean barre egin dut.

Gurutzatu dut Iparragirre kale handia eta, zur eta lur geratu aurrez-aurre aurkitutakoaz: euskal letratipoan idatzitako kartel handi bi ageri ziren. Kartelak beherapen handiak eskaintzen dituen altzari eta koltxoi denda batenak ziren. Dendaren izena...


Argazkiak.org | Leioako IKEA altzariak © cc-by-sa: goioarana

IKEA! "Halakorik!", pentsatu dut, "Kasualitatea, kasualitatearen gainean".

Bada, jarraitu dut ondoko aldapan gora (edo ikean gora aproposago esanda?) eta ikusi dudanak nahita egindako txantxa ematen zuen. Hurbildu naiz azoka itxura-edo zuen eraikin batera eta, begi aurrean nuena sinestea kostatu zait...


Argazkiak.org | Leioako IKEA azkoka © cc-by-sa: goioarana

Azokak ere IKEA zuen izena!

Esan barik doa ordurako oso harrituta nengoela. "Hau da Leioa aldean IKEA izenarekin dagoen obsesioa", pentsatu dut neure artean.

Tira, akaso nik gaizki irakurri, gaizki ikusi... zer dakit! Begiak igurtzi ditut, izan ere, une batez pentsatu dut nire begi gipuzkoarretan zegoela arazoa baina, ez naiz batere lasai geratu ondoko optikaren izenarekin ohartu naizenean...


Argazkiak.org | Leioako IKEA optika © cc-by-sa: goioarana

Zelan izan daiteke! Alboko okindegira sartu eta saltzaileari galdetu diot hainbeste IKEAren arrazoia baina, saltzailea kanpotarra zela eta ezin izan dit erantzun. Holding akaparatzaileren bat? Denda suediarraren demasako eragina? Toponimia kontua? Autoa hartu eta iheska irten dut Leioatik. Ez dago esan beharrik nora, ezta?


Argazkiak.org | Barakaldoko IKEA © cc-by-sa: goioarana

Txundituta itzuli naiz etxera. Gerora, informazioa batzen hasi eta, batetik, jakin dut hamaika sinonimo dituela IKEAk euskaraz (aldapa, aldats, malda, pendiz, patar, malkar, erripa, mendixka, muino, pendoka eta tontor); bestetik, Leioan auzo bat badagoela Ikeamendi izenekoa. Total, brikolajea asmatu baino mende batzuk lehenago ere bazegoela gurean IKEA!

Ondorioak:

1) IKEA asko dago Euskal Herrian. Gure artera azkena iristen, Barakaldokoa.

2) IKEA euskara ere bada.

3) Kasualitateak, batzuetan, oso argigarriak dira.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu